Eskaintza zabala eta anitza izango da Astigarragan, aurten ere, udako oporraldirako. Zehazki, zortzi egitasmo ezberdin antolatu dituzte, adin eta gustu guztietako haur eta nerabeentzat, aisialdiaz gozatzeko.
Horietako bitan, gaur bertatik eman daiteke izena, astigarraga.eus webgunean, maiatzaren 14ra arte: Udaleku Irekietan eta Kanpaldian. 2011 eta 2019 urteen artean jaiotakoentzat dira Udaleku Irekiak, eta lau txandatan egingo dituzte, bakoitza bi astekoa, ekainaren 26tik abuztuaren 25era (Santio Jaietako astean izan ezik). Goizeko 09:30etatik 13:30etara izango dira (17:00ak arte irteera egunetan), eta zaintza eta jangela zerbitzuak ere eskainiko dituzte, nahi dutenentzat.
Kanpaldia, berriz, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat izango da: Gardera joango dira, uztailaren 10etik 16ra. Bertan, egingo dituzte tailerrak, jokoak, ginkanak, gaubelak...
Uralekuak, aurtengo nobedadea
Beste hainbat aukera ere izango dira, Astigarragan bertan. Musika Udalekuak izango dira ekainaren 21etik uztailaren 18ra, bi asteko bi txandatan, 09:00etatik 13:00etara. 2012 eta 2019 urteen artean jaiotakoentzat izango dira, eta maiatzaren 29tik 31ra eman beharko da izena, Norberto Almandoz musika eskolan.
Datorren astean eman beharko da izena, maiatzaren 15etik 19ra kiroldegian, beste hiru ekintzatan: Jolas Txiki (2018-2020 urteetakoak), Multikirola (2011-2017 urteetakoak), eta Uralekuak. Hain justu, Uralekuak izango dira aurtengo nobedadea, udako oporraldirako eskaintzan. 2008 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat izango dira, astebeteko bost txandatan, ekainaren 26tik abuztuaren 11ra. Horietan, uretako hainbat jarduera ezagutu eta praktikatuko dituzte goizez, Mundarrok eta kiroldegiak antolatuta: piragua bi egunez, aquafita beste bi egunez, eta surfa egun batez.
Izena emateko epea zabaltzen azkenak, izango dira kiroldegiko ikastaroak (zumba, jump fit, bungee, aquafit board eta igeriketa), eta Gaztelekuko jarduera eta irteerak. Horietarako, ekainaren 5etik 11ra eman beharko da izena.
Eskaintza guztiei buruzko informazio osatua eskuragarri dago hemen.