Ate irekiak izango dira gaur Norberto Almandoz musika eskolan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 6a, 00:00

0-3 urte bitarteko umeentzako saioa egingo dute 11:00etan, eta musika eskolako ikasle eta irakasleen entzunaldia 12:30etan. 

Ate Irekien Jardunaldia antolatu du Norberto Almandoz musika eskolak. Bi zatitan banatutako ekitaldia izango da, adin ezberdinetako haurrei zuzendutako tailer eta ikuskizunekin. Musika eskolatik adierazi dute gazteak erakartzea dela helburua, baina musika interesatzen zaion edonori egin diote Erriberako entzunaldian parte hartzeko deia. 

Goizeko 11:00etan egingo dute lehenengo ekitaldia, musika eskolako tailer gelan. 0-3 urte bitarteko haurrentzat saio ireki bat eskainiko dute, etxeko txikienei eta familiei zuzendutakoa. Orduerdiko iraupena izango du, eta beharrezkoa da lehenago izena ematea idazkaritza@name.eus helbidera korreoa bidaliz. 

Bigarren ekitaldia, berriz, 12:30etan izango da, Erribera kulturguneko auditorioan. Bertan, Norberto Almandoz musika eskolako ikasle eta irakasleek bertan eskaintzen diren instrumentu guztiak aurkeztuko dituzte, entzunaldi baten bitartez. Jardunaldi hau datorren ikasturterako instrumentua aukeratu behar duten gaztetxoei zuzenduta dago; baina eskolan matrikulatuta ez dauden haur, heldu eta familiek ere parte hartu dezakete.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!