Maiatzeko lehen asteburua markatuta egon ohi da azken urteotan getariarren agendatan, urtero-urtero Antxua Eguna eta Arrantzale Eguna ospatzen baitute. Ekitaldiz betetako hiru egunetan, gaurkoa abesbatza-kontzertuaren eguna izaten da, eta aurten Eragiyok izango da horren protagonista. Hauxe izango da abesbatzak Getarian eskaintzen duen hirugarren emanaldia. 2019an Salbatore jaien atarian aritu zen eta kaleko emanaldia eskaini zuen. 2021ean, berriz, Salbatore Deuna Abesbatzaren mendeurrenerako antolatutako abesbatza-ziklo handian parte hartu zuen saio gogoangarrian.
Kontzerturako hainbat berritasun izango dituen egitaraua prestatu du koruak. Saioaren hasieran bi opera-pasarte eman eta gero, pieza berriei tokia utziko diete. Batetik, Rosalia de Castro galizarraren Negra sombra olerkiaren bertsoak hartuz Xoán Montesek moldatutako pieza entzun ahal izango da. Bestetik, Emilio Arrieta nafarrak idatzitako Marina opera ezagunaren Coro de marineros. Hauen ondoren, ohi bezala, euskal musikak tarte haundia izango du kontzertuan, eta hortxe etorriko da Eragiyok lehen aldiz abestuko duen beste pieza, Juan Jose Gainzaren Euskal-Erria. Programa euskal doinu ezagunekin osatuko da, guztia ere Ander Simalen zuzendaritzapean.
Ekaineko hitzorduei begira
Kontzertuz betetako udaberrian bere bosgarren urteurrenarekin lotuta Astigarragan antolatzen hasiko den ekimen berri bati begira jarriko da abesbatza: ekainean ahots berdinen taldeei eskainitako abesbatza-zikloari hasiera emango dio, eta Bilboko Jatorki Ahots Zuriak emakumeen abesbatza hartuko du ekainaren 3an. Horren ostean, Segoviara joango da ekainaren 17an bertako Tutto Voce abesbatzarekin Juan Bravo Antzokian abesteko.