San Isidro egunak ezaugarrituko du maiatzeko kultur agenda, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 6a, 00:00

Trikitilariak, bertsolariak, erakusketak eta idi demak izango dira San Isidro egunean.

Festa giroko hilabetea izango da maiatza. Ilar Garaia ospatuko dute astebetez Astigarragan, eta San Isidro eguna iritsiko da jarraian. Musika talde ezagunak ere pasako dira; hala nola, Sara Azurza, Willis Drummond eta Xiberoots.

Eskaintza zabalarekin iritsi da maiatzeko kultur agenda Astigarragara. Antzerki saio eta kontzertu batzuk izan dira hilabete hasierako egunetan, eta ekintzek jarraipena izango dute hilabete osoan zehar. Gaur bertan, esaterako, aukera izango da 'Orri zuriak betetzen' dokumentala ikusteko, Erribera kulturguneko aretoan; eta, asteburua borobiltzeko, 'Misterioa ikasgelan. Tomax pailazoaren azken abentura' haur antzerkia eskainiko dute, Erriberan, txikien gozamenerako.

 

Ilar Garaia izango da San Isidro egunaren iragarlea

Aste bereziak eta festa egunak ere ez dira faltako maiatzean. Ilar Garaia izango da lehenengo aste berezia; astelehenean hasiko da, hilaren 8an, eta igandera arte iraungo du. Astelehenean Astigarragako baserrien argazki erakusketa jarriko dute herriko kaleetan, eta horrekin estreinatuko da Ilar Garaiko egitaraua. Ostegunean, maiatzaren 11n, 'Baserritarrentzako dirulaguntzen aukerak' hitzaldia izango da, Udaletxean. Azken bi ekintzak, aldiz, asteburuan egingo dituzte; larunbatean herriko baserrietara bisitak antolatu dituzte, eta igandean Ilar Azokarekin amaituko dute astea. 

Ilar Garaia amaitzearekin batera iritsiko da San Isidro eguna. Astelehena bada ere, ez da aspertzeko tarterik izango baserritarren egunean: goizean goiz, 09:30etan, Elustondo trikitilariek girotuko dute Foruen plaza; segidan, Larrabide baserriko produktuen erakusketaz gain, prozesioa eta meza egingo dituzte; hamaiketakoa egin ondoren, idi eta behi demak hartuko dute lekukoa, Andoni Egañaren eta Sebastian Lizasoren bertsoek giroa alaitzen duten bitartean; eta, amaitzeko, herri bazkaria egingo dute.  

 

Artista ezagunak iritsiko dira Astigarragara

Musikazaleek hilabete oparoa izango dute maiatza. Artista ezagun ugari pasako dira Astigarragatik, mota ezberdinetako musika estiloekin. Iristen lehena Sara Azurza donostiarra izango da. Maiatzaren 12an eskainiko du kontzertua, Larrabide baserrian. 'Hemen berriro' album berriko kantak entzun ahal izango dira eta doakoa izango da sarrera. Nekazarien eguna ospatzeko antolatu dute kontzertua. 

Egun bat beranduago, hilaren 13an, iparraldeko rock eta reggae doinuek girotuko dute Erribera kulturgunea. Gaueko 23:00etatik aurrera, Willis Drummond eta Xiberoots taldeen kontzertuak izango dira areto nagusian. Baionako taldeak rock doinuekin azkartuko du astigartarren konpasa, eta zuberotarrak arduratuko dira erritmoa baretzeaz, euskal reggae doinuen bitartez.  Sarrerak 10 euroan daude salgai. 

Azkenik, hilabete bukaerarako utzi dute azken kontzertua. Maiatzean ere jarraipena izango du 'Batu Musikari' zikloak, eta hilabeteko azken ostiralean, maiatzaren 26an, Eira, CDMontre eta Dobat taldeek joko dute Erriberako terrazan. 

 

Antzerkia, literatura, zinema eta askoz gehiago

Ohi bezala, literatur solasaldiak mantendu dira maiatzeko agendan. Lehenengoa hilaren 16an izango da, Isabel Etxeberriaren zuzendaritzapean, eta 'Hamairu ipuin' liburua izango dute hizpide. Bigarrena, berriz, maiatzaren 29an egingo dute, Jorge Carrerok gidatuta, 'Cualquier verano es un final' liburuarekin. 

Antzerkiaren kasuan, Barrexerka taldearen 'Hor esketxa dago' antzezlan umoretsuaz gozatzeko aukera izango da maiatzaren 19an. «Lapurreta bakarraren hiru ikuspegi ezberdinek eratzen duten umorez beteriko ikuskizuna» da.

Sagardoetxeak ere zenbait ekitaldi antolatu ditu, sagarrondoaren loraldi garaia aprobetxatuta. Hilaren 18an ikusgai egongo da bertan 'Gure ondarea ezagutuz' erakusketa, eta maiatzaren 27an 'Udaberri giroan' ikuskizuna prestatu dute. Hala, loraldi garaiaren aitzakian, musika, dantza eta antzerki ikuskizuna eskainiko dute herriko artistek eta musikariek, Sagardoetxeko sagastian. 

 

KULTUR AGENDA
ASTIGARRAGA

 

GAUR

19:00 'Orri zuriak betetzen' dokumentala, Erriberan.

BIHAR

17:00 'Misterioa ikasgelan. Tomax pailazoaren azken abentura' haur antzerkia, Erriberan.

MAIATZAK 8-14 

Lurraldia: Ilar garaia.

MAIATZAK 10

10:00 2 eta 3 urte bitarteko haurrentzat 'Leihoak' antzerkia, Teatro Paraisoren eskutik.

17:00 'Familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak' hitzaldia, Erriberan. Nerea Mendizabalen eskutik.

MAIATZAK 12

19:00 Sara Azurzaren kontzertua, Larrabide baserrian. Nekazarien eguna ospatzeko eskainiko du kontzertua.

MAIATZAK 13

23:00 Willis Drummond eta Xiberoots taldeen kontzertua, Erriberan. Sarrera 10 euro.

MAIATZAK 15 - San Isidro eguna

09:30 Elustondo trikitilariak.

10:00 Prozesioa, meza eta hamaiketakoa, Gure Izarra elkartean.

10:00 Larrabide baserriko produktuen erakusketa.

12:00 Kantabriako idi eta behi demak.

12:30 Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak.

13:00 Herri bazkaria eta Larrabide 'Baserri bizia'ri esker ona ematea.

MAIATZAK 15

17:30 'Transitando el miedo' hitzadia, Emakumeon etxean. Elena Lopez Maya izango da hizlaria.

MAIATZAK 15-19

Zilegi astea. Astigarragako historiari buruzko hitzaldiak eta inguruko eremuetara bisitak egingo dira. Izen ematea zilegieskola@aek.eus helbidean.

MAIATZAK 16

19:30 'Hamairu ipuin' liburua hizpide, irakurketa klubean. Isabel Etxeberriak zuzenduko du saioa. 

MAIATZAK 18

11:00 'Gure ondarea ezagutuz' erakusketa, Sagardoetxean.

MAIATZAK 19

20:00 Barrexerka taldearen 'Hor esketxa dago' antzerkia, Erriberan. 

MAIATZAK 21

16:30 'Oink oink' pelikula haurrentzat, Erriberan. 

19:00 '20.000 especies de abejas' pelikula, Erriberan.

MAIATZAK 26

19:30 Eira, CDMontre eta DObat taldeen kontzertuak, Erriberan. Batu Musikari zikloaren barruan antolatutako ekitaldia. 

MAIATZAK 27 

17:00 'Udaberri giroan' ikuskizuna, Sagardoetxeko sagastian. Sagarrondoaren loraldia ospatzeko ikuskizuna izango da. Musika, dantza eta antzerkia bilduko ditu emanaldiak.

MAIATZAK 29

19:30 'Cualquier verano es un final' liburuaren solasaldia, Erriberan. Jorge Carrerok gidatuko du saioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!