Lurra babesteko eta baserria biziberritzeko jarduerak maiatzaren 8tik, San Isidro egunera arte

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 00:00

Antolatzaileak bildu ziren atzo, Lurraldiaren berri emateko.

Antolatzaileek herritar guztiei dei egin diete jarduera hauetan parte hartzera.

Bigarren urtez ospatuko dute Astigarragan Lurraldia, eta atzo aurkeztu zituzten aurtengo programa osatuko duten jarduerak. Hala, xehetasun guztiak eman zituzten ondorengo antolatzaileek: Astigarragako Udalak, Baratze elkarteak, Emarri elkarteak, Goldea elkarteak eta aurten omenduko duten Larrabide baserriko ordezkariak. 

Hitza hartu zuen aurrena Xabier Urdangarin alkateak, baserrien garrantzia goraipatuz: «Astigarragan beti izan dute garrantzi haundia baserriek. Eta aspaldiko data bat ekarri nahi dut gogora 1660an, Astigarraga udalerri bihurtu zen, eta horretarako 38 baserri hipotekatu behar izan ziren, horien artean omenduko den Larrabide baserria. Horrekin esan dezakegu Astigarragako herria baserritarren ekimenez aurrera ateratako herria dela».

Horregatik, Goldea elkarteak adierazi zuen errekonozimendua eta omenaldiak beharrezkoak direla, baina baserritarren bizi-baldintzak hobetzea ere helburu izan behar duela: «Horregatik, Udalak, baserritarrekin egin du lan urte guztian, baserritarrei zuzendutako mahaiaren bitartez, eta lan horri esker, aurten lehen aldiz baserritarrei zuzendutako diru-laguntza deialdia dago». 

Beraz, herriko baserritarrei aitortza egiteko helburuarekin, Astigarragako Udalak ohitura izan du betidanik San Isidro eguna ospatzeko; horregatik, ekintza eta ikuskizun ugari antolatu dira urte honetarako ere. Aurtengo Lurraldia, beraz, ekimenez beteta dator, maiatzaren 8tik San Isidro egunera arte. «Herritarrei dei egiten diegu jardueretan parte hartzeko».

LURRALDIA
ASTIGARRAGAN

MAIATZAK 8
Baserriak herriko kaleetako faroletan ikusgai. 

MAIATZAK 11
16:00 Baserritarrentzako dirulaguntzen hitzaldia Udaletxean, eta gero ilar pintxopotea. 

MAIATZAK 12
19:00 Sara Azurzaren musika emanaldia Latxa eta Olabi baserri artean. 

MAIATZAK 13
Bisitak familian baserrietara. (Lagatxaga, Oiarbide eta Ioltza)Rock eta Reage taldeen kontzertuak ere. 

MAIATZAK 14 ILARRAREN EGUNA
-Ilar azoka: erakusketa, dastaketa, erosketa... 
-Herriko ganadu erakusketa: 9 baserrietako 25 buru. 
-Giza proba saioak Emarri taldearen eskutik

MAIATZAK 15 SAN ISIDRO EGUNA
-Trikitilariak: Elustondo anai-arrebak
-Prozesuia eta meza
-Larrabide baserriko produktuen erakusketa
-Hamaiketakoa Gure Izarra elkartean
-Kantabriako Idi eta behi demak: Idi parea 3.298 kilo harriaz eta behi parea, 1.640kilo harriaz arituko dira. Biak pisu librean eta 30 minututan. 
-Bertsolariak: Sebastian Lizaso eta Anodni Egaña
-Herri bazkaria eta Larrabide ‘Baserri bizi’ari merezitako esker ona

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!