Ate irekien jardunaldia antolatu du Norberto Almandoz musika eskolak, larunbat honetarako. Bi zatitan banatuko dute saioa, goizean zehar.
Aurrena, 0-3 urte bitarteko haurrentzako saio irekia egingo dute, tailerren gelan, etxeko txikiei eta familiei zuzenduta. Goizeko 11:00etan hasiko da, eta ordu erdiko iraupena izango du. Parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, emailez idatzita: idazkaritza@name.eus.
Eta horren ondoren, Erribera kulturgunera mugituko dute ate irekien jardunaldia. Izan ere, emanaldi-erakusketa eskainiko dute auditorioan, eguerdiko 12:30etan hasita. Bertan, musika eskolan lantzen dituzten instrumentu guztiak aurkeztuko dituzte ikasle eta irakasleek. Emanaldi hori bereziki bideratuta dago datorren ikasturteari begira instrumentua aukeratu behar duten ikasleei; baina baita musika eskolan matrikulatuta ez dauden eta musika ikasteko interesa edo grina duten haur, heldu eta familiei ere. Doakoa eta irekia izango da sarrera, aretoa bete arte.