Laster egokituko ditu Udalak, Andre Gobadarien ibai parkea eta Sagardo plaza

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 1a, 00:00

Egokituko diren eremuak jolaserako eta aisialdirako izango dira; biak 2021ean egindako parte-hartze prozesutik ateratakoak.

Astigarragako Udalak laster egokituko ditu Andre Gobadarien ibai parkeko eta Sagardo plazako jolas eta aisialdi eremuak. Martxoko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zituzten biak eta eta laster esleituko dira.

Andre Gobadarien Ibai parkeari dagokionez, adin guztietako pertsonentzako jolaserako eta aisialdirako espazioak sortuko dituzte, erabilera anitzekoak, eta, horretarako hainbat espazio garatuko dira. Ondorengoak dira horietako batzuk: Trebatze gunea, haur eta nerabeei bideratutako trebatze gunea da. Kota aldaketa baliatuz, txirristak eta igotzeko hainbat elementu anitzak kokatuko dira: sokak, enborrak, harriak, sareak, igoera plataformak...; Tirolina, trebatze gunearen osagarri gisa, beherago tirolina bat jarriko da; Elkargunea, gaur egungo urmaelaren ondoan, uraren freskotasunaz gozatzeko aukera emango duen elkargune txiki bat sortuko da; Ariketa gunea, gaur egungo oinezkoentzako bideetan ariketa fisikorako hainbat gune sortuko dira. 

Guzti honek  16 aste inguruko iraupena izango dutela aurreratu du Astigarragako Udalak eta  aurrekontuari dagokionez,  223.531,31 eurokoa  (BEZik gabe) dela nabarmendu du. 

Halaber, Udalak dagoeneko abian du ibai-parkean argiteria indartzeko lizitazioa, eta argi-puntu hauek berritzearen aurrekontua 68.283,38 eurokoa da.

Sagardo plazari dagokionez, lurraren topografiarekin jolastuz, Sagardo plazako jolasgune berria sortuko dute. Bi irla izango ditu, kautxuz egindako bi irla menditsu. Topografiak berak jokoa ahalbidetuko du, hala ere, irla bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu: alde batetik, txirristadun irla, izenak adierazten duen bezala, irla menditsu honek txirrista bat
izango du; eta bestetik, irla gorabeheratsua, irla menditsu horrek azalera handiagoa hartuko du, eta plazaren erdialdean kokatuko da. Bi elementuz osatuko da, alde batetik, hodien tunela, irlaren behealdea ezagutzeko aukera emango duena; eta bestetik, irla goitik ezagutzeko aukera emango duten bi ohe elastiko.

Jolasguneaz gain, aisialdirako gunea ere egokituko dute. Plazan dauden bost zuhaitzen inguruan eserleku berriak jarriko dira. Sagardo plazako lan hauek,  10 asteko iraupena izango dute eta 59.593,53 euroko (BEZik gabe) aurrekontua izango dute. 

 

Murgian, lanak hasita

Murgiako jolas-parke berria eraikitzeko lanak hasita daude dagoeneko eta ekainaren lehenengo asterako amaituta egotea aurreikusi du Udalak. Hau ere 'Jolastuko al gara?' partaidetza prozesuan atera zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!