Joxemi Jimenez astigartarra omenduko dute gaur, 'Elkartasunak merezi du! Joxemi gogoan' lelopean. Zipotza elkarteak antolatu du egun osorako egitaraua, Astigarragako Udalaren laguntzarekin. Gaur eguerditik arratsaldera bitartean, beraz, ekintza mordoa egingo dira Emakumeon Plazan, Joxemi gogoan izateko. Eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera eta emanaldi ugari izango dira astigartarrek eskutara: Kolorezko Ametsak, Porrotx, Xaguxar, Ostomilla Txotxongiloa, Nikaragua Sandinista, Fermin Muguruza, Zu Lo Taldea... Eguerdiko 14:30ak aldera, denak batera Fede Pachak prestatutako bazkari baten bueltan elkartuko dira. Arratsaldean izango du jarraipena festak, beste hainbat musika emanaldirekin eta zezen suzkoarekin.
Beraz, gaurko deia luzatu du Zipotzak: «Etorri Emakumeon Plazara, elkartasuna goratzeaz gain Joxemi omenduko dugu eta!». Amaitzeko, jakinarazi dute etekin guztia bidaliko dutela Quincho Barrilete (Somoto-Nikaragua) haurrentzako arreta zentrora.