Kontzertu solidarioa maiatzaren 5ean, Munduko Begiak ezagutzera emateko

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 29a, 00:00

Udal ordezkariak eta Munduko Begiak fundazioko kideak, ostegunean, Erriberan egin zuten aurkezpenean.

Eneko Dieguez Quartet jazz taldeak eskainiko du Erriberan, datorren ostiralean, 19:00etan hasita. Doakoa izango da, baina fundazioari laguntzeko diru ekarpenak egiteko aukera izango da.

Oso kontzertu berezia izango da datorren ostiralean, maiatzaren 5ean, Erribera kulturgunean: Haien begientzako musika izeneko kontzertu solidarioa antolatu du Munduko Begiak fundazioak, egiten duena ezagutzera emateko eta lan-esparru duen arazoaz kontzientziatzeko. Hain justu, herrialde azpigaratuetan ikusmen arazoak dituztenek kalitatezko arreta oftalmologikoa jasotzeko laguntza eskaintzen du Munduko Begiakek, eta une honetan Saharan, Mozambiken, Bolivian eta Malin ari da lanean, tokiko medikuak prestatzen, saihestu daitezkeen itsutasunaren kausak prebenitzen, osasun zentroetarako ekipo eta materialak eskuratzen... «Itsutasuna eta pobrezia oso estu lotuta daude. Munduan 1.100 milioi pertsona inguruk dauzkate begietako arazoak, eta %90a bizi da lurralde pobreetan. Baina patologien %90a oso modu errazean sendatzen da, betaurrekoekin, antibiotikoekin edota kataratetako ebakuntzekin, esate baterako. He­men arazoa ez dena, lurralde horietan bai», azaldu zuten Munduko Begiakeko ordezkariek, ostegunean Erriberan egin zuten aurkezpenean.

Sentsibilizazioa ere badu helburu fundazioak, eta horretarako antolatu du, besteak beste, maiatzaren 5eko kontzertua. Arratsaldeko 19:00etan izango da, eta Eneko Dieguez Quartet jazz taldeak eskainiko du, Musikeneko goi-mailako lau ikaslek osatzen dutena: Raul Perez pianoarekin, Nico Alvear baxuarekin, Eneko Arbea bateriarekin, eta Eneko Dieguez saxofoiarekin. Sarrera doakoa izango da, fundazioa ezagutaraztea baita helburua; baina bukaeran, aportazioak egiteko aukera izango dute bertaratuek, borondatez.

Badira sei urte Astigarragako Udalak diruz laguntzen duela Munduko Begiak, eta esker ona adierazteko antolatu nahi izan du fundazioak kontzertua herrian. «Fundazioak egiten duen lana bereziki ona eta oso polita iruditzen zaigu, eta eskertzen dizuegu Astigarragarekin gogoratu izana, kontzertu honetarako», adierazi zuten Xabier Urdangarin alkateak eta Aintzane Barandiaran kultura zinegotziak.

«Gustatzen zaigu horrelako gauzak egitea udalaren eta herritarren solidaritatea dagoen tokietan, eta gure esker ona erakustea», azaldu zuten fundazioko kideek. Horregatik eta fundazioa ahalik eta herritar gehienek ezagutu dezaten, doakoa izango da kontzerturako sarrera, baina eskertuko dute diru ekarpen oro, kontzertuan bertan edo fundazioaren kontu korrontean: ES10 2095 0264 6091 0689 3975 (Kutxabank). «Kataratetako ebakuntza batek, adibidez, 60 edo 70 euro kostua izan dezake. Beraz, pentsa zenbat jenderi lagundu diezaiokegun herrialde horietan, guztion artean 1.000 euro biltzen ditugun bakoitzean», nabarmendu zuten fundazioko kideek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!