Igande honetan, Joxemi Jimenez astigartarra omenduko dute herrian, Elkartasunak merezi du! Joxemi gogoan lemapean. Zipotza elkarteak antolatu du ekitaldia, Astigarragako Udalaren laguntzarekin, eta ekintza ugari izango dira eguerditik arratsaldera bitartean, Emakumeon Plazan. 12:00etan emango zaio hasiera, eta emanaldi ugari izango dira: Kolorezko Ametsak, Porrotx, Xaguxar, Ostomilla Txotxongiloa, Nikaragua Sandinista, Fermin Muguruza, Zu Lo Taldea... Ondoren, 14:30ak aldera, herri bazkari baten bueltan bilduko dira bertaratutakoak, Fede Pachak prestatuta. Arratsaldean izango du jarraipena festak, beste hainbat musika emanaldirekin eta zezen suzkoarekin.
Urtarrilean hil zen Joxemi Jimenez, eta Zipotza elkarteak azaldu du, omenaldia egingo diotela elkartasuna praktikara eraman zuen euskal herritarra izan zelako: «Historian zehar Euskal Herriak izan duen ezaugarrietako bat elkartasuna izan da. Asko izan dira elkartasuna praktikara eraman dutenak, hau ederragoa, erakargarriagoa eginez eta honen baloreak agerian utziz. Hauen artean gure Joxemi izan da erreferente. Herrien arteko elkartasunean sinetsi eta berau landu zuen gazte-gaztetatik herrian egiten arituz, azken hatsa eman bitartean, zalantzarik gabe betetzeko zaila izango den hutsunea utziz». Hori dela eta, iganderako deia luzatu du Zipotzak: «Etorri Emakumeon Plazara, elkartasuna goratzeaz gain Joxemi omenduko dugu eta!». Gainera, jakinarazi dute etekin guztia bidaliko dutela Somotoko (Nikaragua) Quincho Barrilete haurrentzako arreta zentrora.