Aurrera jarraitzen du Astigarragako hitzaldi zikloak, izan ere, sexu-heziketaren eta ingurune-digitalen esparruak jorratu dituzte dagoeneko, eta orain, haurren garapena eta adimen emozionala izango dute hizketagai, biharko eta maiatzaren 10eko saioetan.
Eider Fernandezen eskutik haurtzarotik nerabezaroko bidean ematen diren aldaketak ezagutu eta landuko dira bihar eskainiko duen hitzaldian. Honakoa arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Erriberan, eta helburu nagusia da gurasoei baliabideak eskaintzea haurraren garapen laguntzaile eta bideratzaile begirunetsuak izan daitezen. Biharko saioaz gain, maiatzaren 10ean ere beste hitzaldi bat eskainiko du Nerea Mendizabalek, arratsaldeko 17:00etan hasita, Erriberan. Gatazka eta estres maila altua izatera garamatzaten elementuak ezagutu ondoren, egunerokotasunean gatazkak gutxitzeko eta daudenak ahalik eta modurik onenean kudeatzeko gakoak eskainiko dira. Adibideetan oinarritutako teoria aurkeztu ostean, hausnarketarako eta galderak egiteko aukera zabalduko da.
Bi hitzaldiak doakoak dira eta euskeraz eskainiko dira. Astigarragako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartearekin lankidetzan ondu du 2022 eta 2023 ikasturteari begirako programa.
Hitzaldian parte hartzeko, antolatzaileek aditzera eman dute ezinbestekoa dela aldez aurretik izena ematea 943 33 50 64 telefonora deituta edota euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbidera idatzita.