Haurraren garapena eta adimen emozionala hizpide, hitzaldi zikloaren azkeneko bi saioetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 24a, 00:00
Eider Fernández, osteguneko hizlaria.

Eider Fernández izango da hizlari ostegunean, 'Haurtzarotik nerabezarora, seme-alaben bidelagun' saioarekin, 18:00etan Erriberan.

Haurren heziketari eskainitako hitzaldi zikloa osatu du Astigarragako Udalak, 2022-2023 ikasturtean zehar, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartearekin lankidetzan; eta azkeneko bi saioak egingo dituzte datozen egunetan. Horietan, haurraren garapena eta adimen emozionala izango dituzte hizpide, aurrekoetan sexu heziketa eta ingurune digitala aztertu ondoren.

Datorren ostegunean, apiri­la­ren 27an, izango da bi saio ho­­rietan aurrenekoa. Eider Fer­­nán­dezek eskainiko du hitzal­dia, arratsaldeko 18:00etan Erriberan: Haur­tzarotik ne­­rabezarora, seme-alaben bidelagun. Adin tar­te horretan ematen diren alda­ketak ezagutzera eman eta landuko ditu Fernándezek, eta helburua izango da gurasoei baliabideak eskaintzea, haurraren garapenaren laguntzaile eta bideratzaile izan daitezen.

Bigarrena, hitzaldi zikloari bukaera emango diona, maiatzaren 10erako antolatu dute. Nerea Mendizabalek eskainiko du, 17:00etan Erriberan: Familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak. Saio horretan, hasteko, Mendizabalek aditzera emango ditu gatazka eta estres maila altua izatera eramaten gaituzten elementuak; eta ondoren, gakoak eskainiko ditu egunerokotasunean gatazkak gu­txitzeko eta izandakoak ahalik eta modurik onenean kudeatzeako. Adibideetan oinarrituko du atal teorikoa, eta hausnarketarako eta galderak egiteko tartea ere zabalduko du.

Doako izenematea, hitzaldietan parte hartzeko

Aurreko saio guztiak bezala, doakoak izango dira azkeneko biak ere. Baina horietan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, 943 33 50 64 telefonora deitu behar da, edo euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzi. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, bi hitzaldietarako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!