«Berriro momentuak bizitzeko aukera ematen digute argazkiek, horregatik dira garrantzitsuak»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 22a, 00:00

Alfredo Ruiz Fernandez argazkilaria.

Apirilaren 1ean, 25 urte bete zituen Alfredo Ruizen Pastain Irudi Zerbitzuak estudioak (Astigarraga) eta argazkilariak ibilbidearen berri eman dio Kronikari: «25 urte pasa badira ere, ibilbide asko daukat aurretik, eta gogoz nago».

25 urte bete dira Astigarragan Pastain Irudi Zerbitzua ireki zenuenetik. Zer moduzko esperientzia izan da? 

Konturatu gabe bihurtu nuen nire afizioa zena ogibide. Hasieran beti daude zalantzak, ez dakizu nondik jo, nondik bideratu… Orain atzera begiratzen dut eta pentsatzen dut: ‘nola pasatu den denbora!’. 

Argazki munduan, teknologiak asko eragin du, beste lan batzuetan ere bai, baina argazkilaritzan oso nabarmena izan da. Lan egiteko moduari dagokionez, erabat aldatu da. Ni hasi nintzen garai analogikoan, garai hartan nik ez nuen ordenagailurik, eta gaur egun pentsaezina da ordenagailu gabe lan egitea, are gehiago argazkietan. Aldaketa haundiak izan dira argazkigintzan, baina beti saiatu naiz aurrera egiten, garaietara egokituz. 

Urteekin konturatu naiz, momentuan ez zarela konturatzen egokitzen ari zarela, baina hotzean pentsatuz, jabetzen zara eta egia esan, ederra da. 

Esperientzia asko dudala esango nuke, eta egin dudan ibilbideaz harro nago, 25 urte hauetan asko ikasi dut eta esperientziaz bete naiz. Hala ere, oraindik asko gelditzen zait, eta gogoz nago, nire ibilbideak oraindik aurrera jarraitzen du eta indartsu sentitzen naiz. 

 
Horrenbeste urte momentuak izoz
ten… Astigarragako istorioa izango duzu argazkitan. 

Ni beti saiatzen naiz egin dudan lan guztia artxibatzen, eta egia da dena ondo gorde arte ez zarela konturatzen zer egin duzun urte guzti horietan, zenbat argazki atera dituzun. Denborarekin ohartzen zara gertakari askoren testigu izan zarela, hor egon zara argazkiak ateratzen, bai herriko istorioari dagokionez, eta baita herritarrei dagokienez ere.

Gertatu izan zait bere garaian ume batzuei argazkiak atera, eta gaur egun berriro datozela nigana argazkiak ateratzera, ezkontzera doazelako. Zirkulu hori borobiltzea gustatzen zait, nolabait, pertsona edota familiaren jarraipena ezagutu dut, txikitan argazkiak atera, eta orain, berriz, ezkontzera doa. Hari bat dago horren atzean, eta lotura egitea gustatzen zait. Herritarrek haien bizitzako momentu zoragarrien testigu egin naute askotan, eta zoragarria da hori, asko betetzen nau. 

 

Argazkilaritzak badu alderdi emozional bat.

Noski, argazki batek markatzen du momentua. Eta argazkilariek papera haundi bat daukagu, zure lanak markatzen duelako jendearen bizitzetan, esaterako ume baten jaiotza, ezkontza bat… Oso aberasgarria da. Urteekin eta jasotako iritziei esker, konturatu naiz argazkiek nostalgia pizten dutela.

 

Argazkilaritza, beraz, ogibidea duzu, pasioa.

Bai, eta iruditzen zait argazkilaritzan zehazki, ez baduzu daukazun pasioa erakusten, ez direla nahi bezalako emaitzak ateratzen. Nik pasioa dut, disfrutatu egiten dut lanarekin. Baina egia da bezeroarekin komunikatzea eta harremana egitea beharrezkoa dela, erosotasuna lortzeko. Terapia moduko zerbait da argazkilaritza. 

 

Esango zenuke eskertua dela argazkilaritza? 

Nik esango nuke baietz. Azken boladan egin ditut erretratuak, eta argazki saioa amaituta, bezeroak esan didate oso ondo pasa dutela. Hori niretzat sekulakoa da, emozioz betetzen naiz. Emaitzak bere garrantzia du, baina prozesua ere oso garrantzitsua da. 

Nik beti diot, argazki bat ateratzeko txistu asko gastatzen dudala, esan nahi dut, argazkia aterako diodanarekin hitz egiten dut, konfiantza sortzeko, erosotasuna bilatzeko. 

 

Zein esparrutan mugitzen zara erosoen argazkiak ateratzerako garaian?

25 urtek ematen dute aukera arlo asko ukitzeko eta probatzeko. Eta denetik egin izan dut, baina ni erosoen nago pertsonak agertzen diren argazkietan. Kasu honetan adierazgarriena da erretratoa da.

 

Argazkigintzan jarraitzeko asmoa ezta? 

Bai, energiarekin nago. Eta argazkilaritzak beti izango du toki bat gizarte honetan, nahiz eta digitalean izan, garrantzitsuak direlako, momentuak berriro bizitzeko aukera ematen digutelako etabar.

 
Zer eman dizu urte guzti hauetan zure negozioak? Eta argazkilaritzak? 

Negozioa herri txiki batean edukitzeak suposatzen du herriko parte garrantzitsu bat zarela, herriaren parte zarela, eta zara herriko argazkilaria. Eta argazkilaritzak eman dit bizitzeko modu bat, eta bizitzeko modu hori asko gustatzen zait, pasioa da niretzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!