Iruñako alde zaharreko erraldoien eta Kimua dantza kolektiboaren bisita izango dute gaur, astigartarrek

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 22a, 00:00
Lau erraldoik Astigarragako kaleak zeharkatuko dituzte.

Gaur eguerdiko 12:00etan irtengo dira Iruñeko alde zaharreko erraldoiak, Foru plazatik; eta arratsaldean, Kimuak dantza kolektiboak 'Generorantz' emanaldia eskainiko du 20:00etan hasita, Erriberan.

Aurrera doa Astigarragako kultur agenda, eta gaurkoan bi jarduera garrantzitsu egingo dira egun osoan zehar. Goizean, Iruñeko alde zaharreko erraldoiek Astigarragako kaleak zeharkatuko dituzte, Foru Plazatik abiatuta. Eguerdiko 12:00etan jarri dute horretarako hitzordua, eta erraldoiak Txirriskla elkarteko txistulariekin eta Hernaniko dultzaineroekin batera kalez kale ibiliko dira.

 
Lau metro baino gehiagoko lau erraldoi 

Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien Konpartsa, 2001ean sortu zen irabazi asmorik gabeko Gazte eta Kultura Elkartea da. Gaur egun, konpartsa erraldoi-eramaileek, kiliki-eramaileek eta musikariek osatzen dute.  Konpartsak lau erraldoi ditu eta lau metro baino gehiago neurtzen dute. Aipatu Pertsonaiek lau elementuak irudikatzen dituzte: Lurra, Sua, Ura eta Airea. «Gure jardueren artean kale animazioa eta erraldoien ohiko dantzak ditugu: kalejirak, baltseak, koreografiak…txikien gozamen handiagorako kilikiek lagundurik. Eta dena gaitari talde baten musikaz giroturik».

'Generorantz ' dantza emanaldia, arratsaldean

Arratsaldean ere musikak eta dantzak jarraipena izango dute astigartarren artean. Izan ere, Kimuak dantza kolektiboak, Generorantz dantza emanaldia eskainiko du Erriberan, arratsaldeko 20:00etan hasita. Genero ikuspegiaren inguruko lanketa bat da Generorantz emanaldia: «originala bezain berritzailea». Eta emanaldi honek, dantza, gorputz mugimendua, interpretazioa, testuak, errezitaldiak eta bertsoak ditu oinarri.

Euskal dantza tradizionalak oinarritzat dituen proposamen berri honek, dantza diziplina ezberdinen laguntzaz (garaikidea, klasikoa...) ukitu berezia ematen die koreografiei. Sarrerak 10 euro balio du helduentzat, eta 5 euro, 18 urtetik beherakoentzat.

'Generorantz' dantza emanaldia izango da gaur, Erriberan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!