Duela hilabete pasatxo jakinarazi zuen Astigarragako Udalak, Zero Waste Cities and Towns ziurtagiria aitortu diotela, hondakin kudeaketaren emaitzengatik. Zehazki, bost izarretatik bi lortu ditu Astigarragak, zero zabor herrien ebaluazioan.
Joan den astean izan ziren herrian Mission Zero Academyko eta Zero Waste Europeko bi ordezkari, Kaisa Karjalain eta Daisee Aguilera, Astigarragari ziurtagiria emateko. Xabier Urdangarin alkateak eta Izaskun Txintxurreta ingurumen teknikariak egin zieten harrera, eta Astigarraga zero zabor herria bihurtzeko konpromiso ofiziala hartu ondoren, Zero Waste Europeko ordezkarien eskutik jaso zuten ziurtagiria.
Europako ziurtagiri estandarra da, hirugarren batek ebaluatzen duena; eta puntuazio sistema baten inguruan garatzen da. Bost izarretatik bi lortuta eta ziurtagiria jasota, «jardueraren jarraipena eta urteko hobekuntzak egitea» izango dira lortutako puntuazioa hobetzeko hurrengo urratsak, «Europako beste herrialde batzuetako esperientziak erabiliz eta ekimen eta neurri berrien proposamena eginez», Udalak aurreratu duenez.
Bide horretan, urtean behin egingo dute auditoria, «eta emaitzak hobetzen badira, maila igo egingo da, gehienez ere bost izarretaraino», azaldu dutenez.