Emanaldi «berezia eta hunkigarria» izango da ostiral honetan, Erribera kulturgunean: Orri zuriak betetzen dokumentala estreinatuko dute arratsaldeko 18:30etan, Gerra Zibileko eta Frankismo garaiko Astigarragako hainbat biktimaren testigantzak biltzen dituena.
Atzo aurkeztu zuten dokumentala, Astigarragako udaletxean, Unai Alberdi eta Eneritz Aulestia zuzendariek, eta Xabier Urdangarin eta Aintzane Barandiaran udal ordezkariek. Dokumentalaren abiapuntua azaldu zuen Urdangarinek: «Ikerketa lana egin zuen Maddalen Laburu historialariak, Gerra Zibilean eta Frankismo garaiko aurreneko urteetan Astigarragan gertatu ziren krimenak eta hilketak jasotzeko. Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko bekaren 2017ko deialdiaren markoan egin zuen lan hura, eta PDF batean daukagu hori guztia, idatzita; baina ez genuen horretan geratzerik nahi, baizik eta jendeak jakitea zer gertatu zen herrian urte haietan». Horregatik, ikusentzunezkoa egiteko ideia planteatu zieten Labururi berari eta Unai Alberdiri, «ikerketari ikusgarritasuna emateko». Eta pozik hartu zuten proposamena. Alberdik eta Eneritz Aulestiak zuzendu dute dokumentala, Badator estudioa arduratu da errealizazioaz, eta Maddalen Laburu izan da gidaria, «jende askorekin elkartu zelako ikerketa egitean, eta jaso zituelako haien iritzi, sentimendu eta malkoak. Hori erakutsi nahi genuen, krimenen atzean dagoen mina».
«Gazteak izanda, lan hau egitean konturatu gara ez dela transmisiorik eman»
Unai Alberdik aditzera eman zuen, «biktimen senideen testigantzak» jaso dituztela, Labururen ikerketatik abiatuta; eta lana osatu dutela Udalak 2022an jasotako testigantzekin, horretarako zabaldu zuen bulegoan. «Gustu haundiz egin dugu dokumentala, eta niretzat, astigartarra izanda, luxua izan da horrelako lan bat egitea», nabarmendu zuen Alberdik: «Istorio gehienak ez nituen ezagutzen, familietan ez baita askorik hitz egin gertatu zenaz».
Ildo beretik aritu zen Eneritz Aulestia ere: «Gu gazteak izanda, lan hau egitean konturatu gara ez dela transmisiorik eman. Hau dena gertatu da herrian, beharbada ezagutu ere egiten ditugu hori jasan zutenak, eta ez dakigu gertatu zenik ere. Gogorra izan da jende horrekin egotea eta gauza batzuk entzutea; baina aldi berean, plazer bat. Eta oso eskertuta gaude, ireki dizkigutelako orain arte itxita eduki dituzten kajoi horiek. Esan izan digute, adibidez, orain arte ez ziotela amari galdetzen, egiten zuten bakoitzean gaizki jartzen zelako ama. Baina orain gai izan dira, min hori mugitzeko eta gauzak kontatzeko», azaldu zuen Aulestiak. Horregatik, aitortza eta erreparazioa egiteaz gain, dokumentalaren helburua bada jakinmina piztea ere: «Ikusi duena, etxean galdezka hastea. Seguruenik, etxe askotan izango dira horrelako istorioak. Bere garaian ez zuten izan gertatutakoa kontatzeko aukerarik, eta hitza eman nahi izan diegu. Hortik dator dokumentalaren izenburua, Josu Ibargutxiren adierazpen batzuetan oinarritutakoa. Orria idatzi zuten idatzi zutenek, idatzi zuten moduan; eta orain guri dagokigu orriak betetzea, gure modura».
Bi emanaldi Erriberan, doan
Ordubete eta 25 minutuko iraupena dauka dokumentalak, eta bi aldiz eskainiko dute Erribera kulturgunean. Ostiral honetan izango da aurrenekoa, arratsaldeko 18:30etan hasita; eta emanaldiaz gain, solasaldia ere egingo dute. Bertan izango dira Laburu, Alberdi eta Aulestia, eta baita Josu Ibargutxi ere, Goldatu Frankismo garaian atxilotu eta hildakoen senideen elkarteko bozeramailea.
Bigarren saioa, berriz, maiatzaren 6an izango da, 19:00etan. Doakoak eta irekiak izango dira bi emanaldiak.
Kereila kriminalak, laster
Atzoko aurkezpenean, halaber, Aintzane Barandiaranek nabarmendu zuen «urrats bat gehiago» dela dokumentala, Frankismo garaiko biktimei aitortza egin eta gertatu zena azaleratzeko. Izan ere, gogorarazi zuen, batetik, duela lau urtetik omentzen dituztela Astigarragako biktimak urtero, Memoriaren Nazioarteko Egunean (azaroak 10). Eta bestetik, 2021ean Plenoak aho batez onartu zuela bi kereila kriminal sartzea, «diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak ikertzeko, erantzule zuzenak aurkitzeko eta justizia eta erreparazioa lortzeko»: bata Donostiako Epaitegian, eta bestea Argentinako Buenos Aireskoan. Zentzu horretan, jakinarazi zuen maiatzean espero dutela bi kereilak sartzea, eta horietan txertatu dituztela 2022an jasotako testigantzak.