Emaitza bikainak lortu zituzten Xabier Mikel eta Enekoitz Azparrenek Paris-Camembert klasikoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 13a, 00:00

Seigarren postuan helmugaratu zen Xabier Mikel Azparren.

Seigarren postuan helmugaratu zen Xabier Mikel, eta hamaikagarrenean Enekoitz. Probaren irabazlea Valentin Ferron izan zen. 

Sasoi ederrean daude Enekoitz eta Xabier Mikel Azparren txirrindulari astigartarrak. Loirako itzulian lortutako postu onen ondoren, emaitza bikainak eskuratu zituzten Paris-Camembert klasikoan. Magnanville eta Livarot-Pays-d'Auge 209 kilometrotan elkartzen ditu probak, eta aurreko postuetan helmugaratu ziren Azparren anaiak.  

Garailea Valentin Ferron austriar gaztea izan zen; 5:30:10 denboran osatu zuen ibilbidea, Ewen Costiouri espriñean irabazita. 15 segunduko atzerapenarekin iritsi ziren hurrengo hiru sailkatuak, izen ezagunak tartean: Guillame Martin, Valentin Madouas eta Fredrik Dversnes. Bost horien ondoren bukatu zuen lasterketa Azparrendar nagusiak, Xabier Mikelek; irabazlea baino minutu bat eta bost segundu beranguago gelditu zuen kronometroa. 

Enekoitzek ere marka txukuna lortu zuen. Anaia baino 55 segundu beranduago helmugaratu zen, eta hamaikagarren postuan bukatu zuen klasikoa. 

Egindako lanarekin oso pozik agertu ziren Euskaltel-Euskadiko zuzendariak, eta Azparrendarren lana goraipatu zuen Pello Olaberria kirol zuzendariak: «Azken 90 kilometroak oso gogorrak ziren, eta bagenekien urrundik hautsiko zela. Hala izan da. Izan ere, 50 kilometroren faltan, Xabier Mikelek ihes egin du oilar guztiekin, Guillaume Martin edo Madouas bezalako txirrindulari onekin, eta seigarren izan da lasterketa gogor eta zorrotz batean. Atzetik, taldekideek lan bikaina biribildu dute». 

Euskaltel-Euskadiren egutegiak Frantzian jarraituko du aste honetan, eta hiru klasiko gehiago lehiatzeko aukera izango du Xabier Mikel Azparrenek: Classic Grand Basançon Doubs, Tour du Jura eta Tour du Doubs. Enekoitzek, berriz, Alpeetako Tourrean izango du lehiatzeko hurrengo aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!