Atzo aurkeztu zuen Petritegi Sagardotegiak 2022ko uztako Euskal Sagardoa; bertako sagarrarekin ekoiztutako sagardoa da, Jatorri Deituraren zigiluduna. Ekoizpen taldean Ainara Otaño aritu da zuzendari lanetan, Txetxu Mujika izan da upategiko arduraduna eta Argoitz Otaño enologoa.
Ekoizpen prozesuan bertako hornitzaileekin lan egin dutela azaldu dute: «Sagardo hau modu tradizionalean eta bertako sagarrekin solik ekoizten da, horien artean sagar garratz eta mikatzak nabarmentzen direlarik. Argoitzek bertako hornitzaileak bisitatzen ditu uzta noiz hasi eta sagarrak heltze eta kalitate unerik onenean jasotzeko».
Prozesuari buruzko azalpenekin batera, sagardoaren ezaugarriak ere azaldu ditu Petritegik. Hiru ataletan banatu dute kata oharra: ikusmena, usaimena eta dastamena. Ikusmenarekin hasita, «lasto hori kolore distiratsua eta txinparta alaia» nabarmendu dituzte.
Usaimenean azaldu dute «fruta usain konplexuak eta garraztasun puntuak» antzematen direla; horiek baitira bertako sagar motek «berezkoak dituzten ezaugarriak».
Azkenik, dastamenean indartsu eragiten duen sagardo gisa definitu dute aurtengoa: «Bere gorputz eta garraztasunagatik lehen 'eraso' edo hasierako sentsazioa, sagardo indartsua dela da. Ondoren, oreka sentsazioa nagusitzen da, bertako sagar mota mikatz eta garratzak nahastuz lortzen dena».