Aste Santuko oporretatik bueltan, ekintza gehiago antolatu ditu Astigarragako Emakumeon Etxeak. Zehazki, bi tailer egingo dituzte datozen asteetan, gorputzaren eta buruaren oreka lantzeko asmoarekin. Emakumeon Etxeko antolatzaileek duten helburua da emakumeen arteko elkarzaintza sustatzea, hausnarketak eta ardurak taldean lantzeko.
Lehenengo tailerra aurreko dinamika baten jarraipena izango da: zoru pelbikoa lantzeko bigarren saioa. Zoru pelbikoa eta haurdunaldiaren inguruko ezagutzan sakonduz da tailerraren izena, eta emakumeei zuzendutako saioa da; haurdunaldiari buruzko interesa dutenentzat, batik bat. Aurreko tailerreko jarraipena izango denez, tertuliarako espazioa sortzea da antolatzaileen asmoa, zalantzak eta hausnarketak elkarbanatzeko, eta aurreko aldian hasitako prozesua borobildu eta bukatzeko.
Apirilaren 20an egingo dute tailerra, Emakumeon Etxean bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Zabalik dago izena emateko epea, emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidean eta 648 41 71 57 telefonoan. Informazio gehigarria eskatzeko ere, bide horiek baliatu daitezke. Aurrez abisatzen dutenentzat haur zaintza zerbitzua egongo da.
Kafe tertulia, hilaren 25ean
Bost egun beranduago, apirilaren 25ean, Emakumeon arteko kafe tertulia eta irudi inprimatze tailerra saioa egingo dute: «Harreman sareek gure bizitzetan duten garrantziaz kontziente izanik, kafe, infusio, te... baten inguruan bildu eta elkar ezagutzeko aukerak sortzea dugu helburu. Hitz egiteko, elkar entzuteko, barre egiteko, hausnartzeko eta elkar zaintzeko», azaldu dute antolatzaileek. Arratsaldeko 17:30etan jarri dute hitzordua, Emakumeon Etxean.
Inprimaketaren atalari dagokionez, katiluak eta poltsak egingo dituzte parte hartzaileek, bertan sortutako diseinuekin. Tailer honetarako itxita dago izena emateko epea.