III. Gazte Sortzaileen Azoka antolatu zuen Astigarragako Gazte Asanbladak. Atzo egun guztian zehar ikusgai egon ziren Astigarraga inguruko sortzaile gazteen postuak. Askotariko produktu eta lanabesak ikusi ahal izan ziren herrian, musika diskoetatik burdinezko pieza sendoetara. Guztira 25 sortzaile inguruk parte hartu zuten azokan, eta balorazio positiboa egin zuten, herritar ugari animatu baitziren postuak bisitatzera.
Salmentaz gain, urtean zehar egindako lana ikusarazteko baliagarria izan zen azoka sortzaile gazteentzat, eta pixkanaka bidea egiten joatea da haien asmoa.
Dantza tailerra eta eskulanen zaharberritzea, ostiralera arte
Aste Santuko oporren bigarren astean ere ekintza ugari izango dituzte astigartarrek. Gaurtik ostiralera arte egingo dituzte Euskal Zunba eta eskulan zaharberritze tailerrak. Lau egunetan parte hartzeko prezioa 20 eurokoa da. Ostegunean, aldiz, Liburu Txiki Klubaren txanda izango da. Mestiza elkartearen eskutik, 3-5 urte bitarteko haurrentzat ipuin kontaketa egingo dute, Liburutegian. Elkartearen helburua da haurtzaro goiztiarrean eta familietan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa sustatzea. Haurrek heldu batekin parte hartu beharko dute.