Ekain Lizeaga astigartarrak beste txapela garrantzitsu bat jantzi du afizionatu mailan. Pasa den asteazkenean, Zumarragan, Goñi Memorialeko txapeldun irten zen Elolarekin batera. Erraz gainditu zituzten, 22-9, Murua eta Ugartemendia.
Hasieratik urdinak 8-1 jarri ziren aurretik markagailuan. Gorriek erraztasunak eman zituzten, baina urdinak oso erregular aritu ziren uneoro.
Lizeagak Gorka Ugartemendia gainditu zuen atzealdean, eta nabarmentzekoa da, atzo egin baitzuen debuta Alkizako atzelariak profesional mailan.
Lizeagari beste behin nabaritu zitzaion kantxa estaltzeko orduan eta pelotakadak emateko unean eman duen aurrerapausoa. Elolak ere pelota onak izan zituen tantoak amaitzeko, Lizeagaren nagusitasunari esker. Gainera, erritmo bizia ezarriz aurkaria gainditu zuen, beste behin.
Gorriek ez zuten inoiz aukerarik izan. Ugartemendia ez jokoan agintzeko gai izan, eta aukera gutxi utzi zizkion Muruari aurrean eroso jokatu eta tantoak bukatzeko. Horregatik, aldea gero eta handiagoa izan zen eta urdinen garaipena ez zen inoiz arriskuan egon.
Apezetxeak eta Urruzolak garaipena, Mendialdekoan
Mendialdeko binakako IV. txapelketako partidua jokatu zuten Apezetxeak eta Urruzolak Salaberriaren eta Labakaren aurka. Partidu bikaina jokatu zuen Apezetxea goizuetarrak, eta 22-10 irabazi zuten bikote hernaniarraren kontra