Aste honetan ere Sagardoetxea bisitatzeko aukera izango da. Gaurtik ostiralera arte zazpi txanda antolatu dituzte, bisitak goizean eta arratsaldean egin ahal izateko. Honakoak dira bisitak egiteko ordutegiak: 11:00, 12:00, 13:00, 16:00, 17:00, 18:00 eta 19:00.
Ohiko bisita berezitasunez bete dute Sagardoetxean. Izan ere, oporraldi honetan gazta dastaketa gehitu diote azalpen eta erakusketa saioari. Hala, sagardoa dastatzearekin batera, Euskal Herriko gaztak ere dastatzen dituzte bisitariek; hala nola, Idiazabal J. D. gazta, Roncal J. D. gazta eta Iraty J. D. gazta.
Bisita amaitzerakoan, nahi dutenek sagardotegiko otordu batekin borobildu dezakete esperientzia: «Txotxaren errituaz gozatu eta sagardoaren kulturako esperientzia borobiltzeko».
Prezioei dagokienez, bisita gidatua eta dastaketa egiten duten helduek 7 euro ordaindu beharko dute, 10-17 urte bitarteko gazteek 5 euro eta 0-9 urte bitarteko haurrek doan izango dute sarrera. Otordua gehitu nahi dioten helduek, berriz, 42 eurotik aurrera egin ahal izango dute, 10-17 urte bitartekoek 23 eurotik aurrera, eta haurrek 20 eurotik aurrera. Sagardotegiko ohiko menua izango dute helduek, eta menu bereziak dastatzeko aukera dute gazteenek.
Interesa dutenek erreserba egin beharko dute 943 55 05 75 telefonora deituta, info@sagardoetxea.eus helbidera idatzita edota www.sagardoetxea.eus webgunean eskatuta. Helbide horietan informazio gehiago eskuratzeko aukera ere badago.