Genero ikuspegia duen beka bat argitaratu zuen Astigarragako Udalak martxoan, eta ostegun honetan itxiko da eskaerak egiteko epea. Astigarragako emakumeen historia ezagutzera ematea da udalaren asmoa: «Astigarragako emakumeek herriko bizitza kultural, sozial, ekonomiko eta politikoari eginiko ekarpena balioan jarri nahi da».
Deialdi honetan Astigarragan erroldatutako 18 urtetik gorako pertsonek egin ahal dituzte eskaerak. Ikerketaren gaia irekia izango da, baina bekaren xedearekin lotura zuzena izan behar du, eta bekadunak 18 hilabeteko denbora tartea izango du ikerketa amaitzeko. Bekaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.
Orain aurkeztu behar den beka eskaerarekin batera, ezinbestekoa da ikerketa proposamen bat aurkeztea, ondoren epaimahai batek baloratu dezan. Hala, ikerlanen aukeraketa bat egingo du epaimahaiak, merezimendu lehiaketan lortutako puntuazioaren baitan. Eskaerak baloratzeko irizpideak izango dira eskatzailearen kurrikuluma eta proposamenaren egokitasuna, besteak beste.
Deialdiari buruzko informazio gehigarria berdintasuna@astigarraga.eus helbidera idatzita edota 638 20 65 86 telefono zenbakira deituta eskuratu daiteke.
Bekaren hirugarren edizioa da aurtengoa
2020an sortu zen bekaren lehenengo edizioa. Urte hartan XX. eta XXI. mendeetako emakumeen gorputz praktiken inguruko ikerketa osatu zuten, arlo horretako ezagutzak areagotu eta zabaltzeko asmotan. Bigarren deialdian, berriz, Astigarragako saltoki txikietan eta lehen sektoreko produktuen salerosketan emakumeek izan duten zeregina aztertzea zen udalaren proposamena, baina ez zuten eskaerarik jaso.