Laukoiztu egin da atzerritik etorritako biztanleen kopurua Astigarragan, azkeneko bi hamarkadetan: 132 izatetik (2002an), 583 izatera (2021ean). Gorakada ez da beste herri batzuetan bezain esanguratsua, kontuan hartuta epealdi berean bikoiztu egin dela Astigarragako biztanleen kopurua bera.
Epealdi horretan, kopurua haunditzeaz gainera, kultur aniztasunak ere gora egin du, eta herrialde gehiagotako astigartarrak daude gaur egun, kontinente guztietakoak. Horien artean, bada herrialde bat bereziki esanguratsua izan dena herrian: Portugal. Bertakoak ziren atzerritik etorritako gehienak mende hasieran, nabarmen; eta bertakoak dira gehiengoa oraindik ere.
Azkeneko urteotan, Latinoamerikatik etorritakoen kopuruan nabaritu da gorakada. 2021eko datuen arabera, asko dira Kolonbiatik, Venezuelatik, Argentinatik eta Ekuadorretik etorritakoak, eta kopuru haundia da 'Amerika besteak' multzoa osatzen duten herrialdeetako lagunena ere; Nikaraguatik eta Hondurastik etorritakoena, nagusiki.
Beherakadei dagokienez, bada bat nabarmentzekoa, beste guztien gainetik: errumaniarrena. Asko haunditu zen errumaniarren komunitatea Astigarragan, 2013 urtera bitartean; eta 112 ziren une horretan. Beherakada izan zen hortik aurrera, eta bereziki 2015ean Ergobiko errumaniarren kanpamendua hustu zutenetik, Urumea ibaiaren bazterrean.