Murgia Jauregiari buruz, sei kapituluko ikusentzunezko didaktikoa osatu du Aldizkariak

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 2a, 00:00

Murgia jauregiaren historia eta istorioak bildu dituzte ikusentzunezkoan.

Astigarraga Aldizkariaren webgunean dago ikusgai ('astigar.eus), eta baita Instagramen ere. «935 urteko historia» bildu dute 9 minututan.

Ohikoa izan da Murgia jauregia, Astigarraga Aldizkariaren urteroko argitalpenetan. Sortu zenetik, Murgiari buruzko makina bat artikulu bildu dituzte urtekarian, «gure kolaboratzaileei esker». Eta urtetan bildutako «eduki nahiz gertaera historiko» horiekin, beste pauso bat eman nahi izan dute orain: horiek landu, eta sei kapituluko ikusentzunezko didaktikoa osatu du Astigarragako Aldizkariak, laburpen gisa.

Hori horrela, «935 urteko historia 9 minututan» bildu dute, ikusentzunezko batean. Dagoeneko ikusgai dago bideoa, Aldizkariaren webgunean (astigar.eus) edota Instagram sare sozialean daukan kontuan (@astigarraga­aldizkaria).

Murgiari buruzko ikusentzunezkoa osatzen du­ten sei kapituluetan, honakoak landu dituzte: Jaurerriaren jatorria; propietateak eta domeinuak; herriaren bilakaera; eraikinaren ezaugarriak; Murgia familia; eta Murgia jauregia gaur egun.

Astigarraga Aldizkariko lantaldeak herritar guztiak animatu di­tu bideoa ikustera: «Sentimendu gazi-gozoak izan ditzakegu, kontakizunean herriak mendeetan zehar bizi izan dituen une zailengatik; baina hartu dezagun aintzat udalerriari ematen dion balioa, alderdi historiko, kultural eta naturalean. Murgia gure iraganeko eta oraingo historiaren parte ere badelako», nabarmendu du. Azaldu dutenez, ikustaldi asko izan ditu bideoak dagoeneko, eta zabalkundea izaten ari da herritarren artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!