Kirol orientazio zerbitzua aurkeztu zuten atzo, Astigarragako anbulategi parean. Zerbitzu hau Astigarraga 'AktiBATUZ' programaren barruan kokatzen da, ondorengo helburuarekin: «herritarrek jarduera fisikoa egitea, bizitza aktiboagoa eta osasungarriagoa izatea, eta hori bultzatuko duen tokiko sare bat sortzea». Hori horrela, Astigarragako Udala programa hori lantzen ari da.
Kirol orientazio zerbitzuari dagokionez, Astigarragako osasun zentroekin elkarlanean Udalak eskainiko duen zerbitzua doakoa da. Eta zerbitzu honen helburuak zeintzuk ziren azaldu zituzten atzoko aurkezpenean: «eguneroko bizitzan jarduera fisikoaren ohiturak txertatzen laguntzea da zerbitzu honen xedea».
Bi bide, hitzordua eskatzeko
Zerbitzua erabiltzeko bi bide daude; alde batetik, hitzordua zure kabuz eskatuta 943 33 56 44 edota 747 482 732 telefonoetara deituta edo kirolorientatzailea@astigarraga.eus helbidera idatzita; eta bestetik, anbulategiaren bidez, medikuak zerbitzua aholkatuko du eta hitzordua eskatzeko bolantea emango dio herritarrari. Zerbitzua astelehenetan, astearteetan eta ostiraletan eskainiko dute, goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean, Astigarragako anbulategian.