Kreditu gehikuntzak eta partidak haundituko ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 1a, 00:00

Onartu dira, besteak beste, HAPOren berrikuspenaren aurrerapena, taxi lizentzia berria, eta herrian Mugiment Kirol Txartela ezartzea.

Joan den asteartean, egin zuten osoko bilkura Astigarrarako udaletxean eta puntu denak onartu ziren. Gai gehienak aho batez eman ziren onartutzat; Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren aurrerapena, taxi lizentzia berria, herrian Mugiment Kirol Txartela ezartzea eta  gizarte zerbitzuetako hainbat kontratu luzatzea, besteak beste. 

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarenen prozesua luzea bada ere, Udalak urratsak eman ditu orain arte. Lehenengo urratsa diagnostikoa egitea izan zen, eta bigarrena, alternatibak lantzea eta aurrerapen-dokumentua prestatzea. Aurrerapen-dokumentua eta dokumentu estrategikoa prest daudenez, Osoko Bilkurak jendaurrean jartzea onartu zuen, herritarrek, enpresek, eragileek eta edozein interesdunek alegazioak edo ekarpenak aurkeztu ahal izateko.

Aurrerapen-dokumentua eta dokumentu estrategikoa apirilaren hasieran egingo den Hirigintzako Aholku Batzordean eta apirilean zehar auzoetan egingo diren bileretan aurkeztuko dira.

Udal zerbitzuen beharrei eta betebeharrei aurre egiteko, gastu batzuk egin behar direla berehala aipatu zuen Xabier Urdangarin alkateak. Gastu-partidetan gastu horiei aurre egiteko kreditu nahikorik ez dagoenez, Osoko Bilkurak hainbat kreditu-partida sortzea eta handitzea onartu zuen, eta Udalaren gerakinetatik eta jasotako diru-sarrera batzuetatik finantzatuko dira.

Gastu orokorretarako gerakinarekin, 787.090,60 eurorekin finantzatuko dira hainbat proiektu. Udalak beste diru-sarrera batzuk izan ditu: Donostiako Udaletik 608.000 euro, Astigarraga lantzen maileguaren amortizazioa 175.312 euro eta Jaurlaritzaren dirulaguntza 378.000 euro.

 
Taxi lizentzia berria

Astigarragan taxiaren bigarren lizentzia bat sortzea pentsatu zuten. Proposamena eskualdeko batzordera eraman zen, batzordeak oniritzia eman zuen (udalak alde, taxilariak aurka) eta, ondoren, Gipuzkoako Taxi Mahaira eraman zen. Behin urrats hauek eginda, Udalbatzak onartu zuen lizentzia berria sortzeko proposamena, eta orain Udalari dagokio martxan jartzeko prozedura egitea.

 

Mugiment Kirol Txartela ezartzea

Osoko Bilkurak Mugiment kirol txartela ezartzea onartu zuen. Udal kiroldegi bateko bazkideek beste herri batzuetako kiroldegietako instalazioak eta zerbitzuak erabili ahal izango dituzte (Mugiment kirol txartelaren sareko kiroldegietan). Hitzarmen hau sinatuta Astigarragako kiroldegira abonatutako pertsonak Mugiment Kirol Txartelaren hitzarmena sinatu duten udalerrietako udal-kiroldegietara joan ahal izango dira. Erabilera oso erraza da, dena aplikazio baten bidez kudeatzen da.

Gizarte zerbitzuetako zenbait kontratu luzatzea

Etxez etxeko zerbitzua, etxebizitza babestuen erabiltzaileen zerbitzua eta gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzearen eta  esku-hartze psikosozialeko zerbitzuaren 2 loteak urtebetez luzatzea onartu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!