Astigarragako Udalak 14 bizikleta eta hiru patinete eman ditu

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 31a, 00:00

Hondakin bulegoaren eta Udaltzaingoaren elkarlanari esker, Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundeari eman dizkio.

Martxoaren 10ean, Astigarragako Udalak 14 bizikleta eta 3 patinete eman zizkion Ayuda Contenedores izeneko gobernuz kanpoko erakundeari, hondakin bulegoaren eta Udaltzaingoaren elkarlanari esker.

Ayuda Contenedores Etxabakoitzen (Nafarroa) dagoen gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta arduratzen da material ezberdinak bidaltzeaz garapen bidean dauden herrialdeetara. Material hauek lurralde horietara eraman ahal izateko, beharrezkoa den logistika guztiaz arduratzen dira: materiala jaso, konpondu, garraiatu, banatu...

Bizikleta hauek, Udaltzaingoek herriko kaleetatik erretiratzen dituzten abandonatutako bizikletak dira, eta erreklamatu ahal izateko gordeta egon behar diren bi urteak igaro ondoren eman dira. Erakunde honek bizikletak konpondu eta bigarren bizitza bat ematen die, ondoren herrialde ezberdinetara eramateko. «Mota honetako ekimenei esker, bizikletak ezinbesteko garraiobide diren lurraldeetara iristen dira», dio Udalak: «Horrela, baliabide gutxi dituztenen mugikortasuna hobetzen da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!