Donostia Ibilbidea ibilgailuentzat eta oinezkoentzat zabalik, atzotik

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 31a, 00:00

Donostia Ibilbidea zabalik dago berriz ere.

Autobus zerbitzua ere bertatik igaroko da gaurtik aurrera, obrak bukatzear baitaude.

Donostia Ibilbideko hiritartze lanak ia amaitu dira 5 hilabetez itxita egon ondoren, eta atzo zabaldu zuten ibilgailuentzat eta oinezkoentzat. Udala «uneoro» saiatu da errepidea «ahalik eta azkarren irekitzen» eta, batez ere, autobus-zerbitzua bertara era­maten. Gaurtik, autobusak Donostia Ibilbidean geldituko di­ra, goizeko lehenengotik hasita.

Egindako obran bi jarduera bereizten dira. Alde batetik, Astigarraga eta Hernani lotuko dituen bidegorria eraiki da eta, bestetik, bidea urbanizatu da, errepidea, espaloia eta aparkalekuak hobetuz. Urbanizazio horrekin, bidearen maila Nabarra Oñatz kalearen parekoa izatea lortu da, eta horrek ibaiaren ur-goraldiak eragindako uholdeak saihestuko ditu.

Aparkalekuen egoera ere ho­­betu da. Lehen 37 aparkaleku zeuden orain arteko obra gauzatu den eremuan. Orain, berriz, 74 aparkaleku daude; horietako bi zamalanetarako, beste bi edukiontzietarako eta beste bi, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak. Hortaz, guztira, erabilgarri 70 aparkaleku daude (mugikortasun urriko pertsonenak barne). Orain egingo den lanen bigarren fasean, aparkaleku gehiago margotuko dira poligonoaren aurrealdean.

Zuhaitzei dagokienez, obra eremuko zuhaitz guztiak aztertu ziren, Udalak azaldu duenez. Nahiz eta hasiera batean horietatik zazpi mihuraz josita zeudela ikusi, gehienek zuten mihura. Udalak «ahalik eta zuhaitz gehien salbatzearen alde» egin du, eta zuhaitz gehienetan egin du tratamendua, mihura kentzeko. Hiru bota egin ziren, «ezin baitziren salbatu». Adar batzuetan mihura duten zuhaitz batzuk daude oraindik, eta hastera doan bigarren fasean tratatuko dira.

Aurrekontua 1.038.318,02 eurokoa izan da (BEZik gabe), eta Sasoi Eraikuntzak S.L. enpresak burutu du obra. Gipuzkoako Foru Aldundiak 297.375,01 euro bideratu ditu proiektura. 

 

Amaitu gabe dauden lanak

Ibilgailuentzako eta oinezkoentzako bidea ireki den arren, lanak ez daude erabat amaituta. Udalaren helburua izan da errepidea ireki eta autobus zerbitzuak ahalik eta azkarren egitea bere ohiko ibilbidea. Horregatik, lanak bi fasetan egin dira. 

Orain, bigarren fasea hasiko da. Fase honetan zebrabideak poligonoko errepideraino luzatuko dira. Gainera, euri-uren sarea puntu horretara arte berrituko da, eta arekak berrituko dira, beharrezkotzat jotzen den lekuetan. Errepidearen kota igo behar dute Gruas Alonsoren aurrean (GPK), eta eremu hori asfaltatu. Eremu horretan, beste parterre bat ere sortuko da, lehendik dagoenari jarraituz. Txakur hotelaren parean berdegune bat ere sortuko da. Berdegune berri horietan zuhaitzak landatzea aurreikusita dago, baina landaketa azaroan egin behar da. Eremu horretan guztian, hau da, poligonoaren aurrean, aparkalekuak margotuko dira, eta Donostia Ibilbidearen eta poligonoaren ardatz nagusia lotzeko obrak egingo dira. Halaber, poligonoko errepideko argiak aldatuko dira. Zuhaitzen lerrokadura berean dauden farolak kendu eta fatxadetan jarriko dituzte.

Lan horiek guztiak bi hilabeteren buruan amaituta egotea aurreikusi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!