PSE-EEk dagoeneko aurkeztu du maiatzeko hauteskundeetan Astigarragarako hautatu duten zerrendaburua; Patxi Suárez izango da alderdi sozialistaren hautagaia. Filologiako ikasketak ditu Suárezek, eta Hotelen Zuzendaritza eta Kudeaketako Goi Mailako ikasketak ditu. Azken legealdian Usurbilgo zinegotzia izan da, nahiz eta Astigarragan bizi den 2018tik.
PSE-EEren hautagaiaren asmoa «gehiengo progresistaren» konfiantza lortzea da, EAJren eta EH Bilduren arteko «dinamika bipartidista antzua gainditzeko»: «Udal hauteskundeetara aurkeztuko gara oraingo bipartidismo antzuaren aldean, askotariko ideiak egoteak erabaki hobeak hartzea eragingo duela uste dugulako», azaldu du Suárezek.
Programari dagokionez, proposamen «errealistak, zentzuzkoak eta eraginkorrak» dituen plangintza bat sortzeko prozesua abian jarri duela adierazi du hautagaiak, eta herritarren partehartzea bilatuko dute: «Gardentasuna, parte hartzea, aniztasuna, bizikidetza, gizarte konpromisoa, eta berdintasuna dira hauteskunde hauetara aurkezteko oinarri ditugun balioak». Zerbitzu publikoen defentsa ere aipatu du Suárezek, «guztiona dena zaintzea eta hobetzea» izango delako PSE-EEren helburuetako bat, hezkuntza batez ere: «DBHren etorkizuna eta LHren hobekuntza dira jomuga, baita osasunaren arloa ere, zehazki anbulatorioa. Zerbitzu publikoek Astigarragako biztanleria hazten den abiadura berean hazi behar dute».
Astigarraga, «aukeraz betetako herria»
Suárezek herriaren etorkizunerako konpromisoa adierazi du, eta aipatu du Astigarraga «aukeraz betetako herri» bilakatu nahi duela: «Tokiko saltokietara lotutako negozioak sendotzea ahalbidetzen duten esku-hartzeen bidez, gure kaleek bizirik jarrai dezaten eta Astigarragaren ezaugarri izan daitezen. Gainera, herritarrek aisialdirako ez dezaten Hernanira edo Donostiara joan beharrik izan». Horretarako, PSE-EEren hautagaiak hurbileko merkataritzak aberastasuna sortzeko, ekonomiaren garapenerako eta enplegua sortzeko duen garrantzia nabarmendu ditu. Euskerari ere eskaini dio tartea, euskaldun berritzat baino euskaltzaletzat duelako bere burua.
Amaitzeko, Suárezek eskerrak eman nahi izan dizkio Gipuzkoako PSE-EEri eta Mikel Durani, «balio progresistak defendatzen egin dituen bi legealdiengatik».