Argiteria hobetzeko lanak hasi ditu Astigarragako Udalak, herriko zenbait puntutan; bereziki, Murgiako parkean. Izan ere, argiteria berritu eta indartu egingo dute bertan. Une honetan, 59 baliza bajuren bidez dago argituta parkea, eta horiek «ez dute nahikoa argitzen, bidea seinaleztatzera mugatzen baitira». Horregatik, «segurtasuna bermatzeko eta parkearen erabilera areagotzeko», 16 kale-argi jarriko dituzte, gaueko ibilaldiak egitea ahalbidetuko dutenak.
Horrez gain, herriko hainbat gunetan aldatuko dute argiteria: 84 farola pasako dituzte LED teknologiara, Apeztegi plazan, Arrobitxulon, Oialume Bidean, Kale Nagusian eta Errekalden. Udalak gogorarazi du, urtero egiten dituztela farola batzuk LED teknologiara aldatzeko lanak, «argiaren kalitatea hobetzearekin batera, energiaren kontsumoa ere murriztea lortzen baita, %75 inguru». Oraingo lanak amaitutakoan, herriko argiteria publikoaren %61 izango da LED teknologiakoa (1.825 faroletatik 1.113).
Leycolan SAL enpresari esleitu dizkio Udalak argiteria hobetzeko lanak: Murgiako parkeko lanek 62.557 euroko aurrekontua dute, eta gainerako guneetakoek 78.892 eurokoa. Apirilaren bukaerarako amaituko dituzte.