Herritarrek proposatu dute Gaztelekuak eta herriko elkarte eta eragileek erabiltzea Kultur Etxe Zaharra

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 27a, 00:00
Herritarrak, partehartze prozesuko saio batean. Argazkia: Astigarragako Udala

Bukatu da eraikinari buruzko partehartze prozesua, eta bertan jasotako ekarpen eta proposamenekin hartuko du erabakia Udalak.

Ia urtebeteko bidea osatuta, bukatu berri dute Kultur Etxe Zaharraren etorkizunari buruzko partehartze prozesua. Horren bitartez, herritarren eta herriko elkarteen iritziak bildu ditu Astigarragako Udalak, elkarrizketa, galdetegi eta saio irekiak eginda. Bereziki, landu dute zein izan beharko litzatekeen eraikinaren erabilera, espazioaren antolaketa eta funtzionamendua.

Martxoaren 14an egin zuten azkeneko saioa, prozesuaren ondorio nagusiak helarazteko herritarrei eta herriko elkarteei. Prozesuan parte hartu dutenek, proposatu dute Gaztelekuak eta herriko elkarte eta eragileek erabiltzea Kultur Etxe Zaharra. «Aparteko eraikin gisa» irudikatzen dute Sagardoetxea, «sarbide independentearekin eta Kultur Etxe Zaharreko eraikinetik kanpo». Zentzu horretan, aukera gisa planteatu dute egungo museoa haunditzea: bi solairu izatea, eta eraikina sagastiraino zabaltzea.

Kultur Etxe Zaharrean, berriz, beheko solairu osoa hartuko luke Gaztelekuak, proposamenaren arabera; eta lotura zuzena izango luke kanpoaldearekin. Une honetan goiko solairuan dago Gaztelekua, eta gorabeherak saihestu nahi dituzte behera mugituta. Kanpoaldean gazteentzat aterpe bat jartzea ere proposatu dute partehartze prozesuan.

Eta azkenik, eraikinaren bi solairu oso izango lirateke herriko elkarte eta eragileek erabiltzeko. Aurreneko solairua, aretoa dagoena, gela txikiz osatuta egongo litzateke; eta bigarrena, berriz, «espazio zabaleko sorkuntzarako gunea» izango litzateke.

Prozesuan parte hartu dutenen ustez, honako balioak izan beharko lituzke Kultur Etxe Zaharraren espazioak: izaera soziala, intergenerazionala, herritarrena, irekia, erabilera komunitarioa eta elkarsorkuntzarako espazioa.

Proposamen horiek kontutan hartuta, eraikinarekin zer egin erabakiko du Udalak orain. Aurreikusi dute eraikina faseka hustutzea, eta erabilera berriekin betetzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!