Eskola ezberdinetako ikasleek bat egingo dute, gaur, Erriberako atarian eskainiko duten Flauta Topaketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 25a, 00:00
Lau urteren ondoren berriro elkartuko dira musika eskola ezberdinetako ikasleak.

12:30etan emango zaio hasiera topaketari,  Erriberako atarian, eta sarrera doakoa da. Lau urteren ostean, musika eskola ezberdinetako ikasleak berriro elkartuko dira flauta topaketan: «ikasleak elkarrekin egoteko eta elkarrekin musika egiteko irrikaz daude».

Flauten hotsa izango da nagusi gaurkoan, Astigarragan. Izan ere, eguerdiko 12:30etarako, Flauta Topaketa antolatu dute Erriberako atarian, eta sarrera doakoa da, beraz, musikaz gozatzeko gogoa duen oro gerturatu daiteke, eskola ezberdinetako ikasleek eskainiko duten emanaldia ikustera. Oholtza gainean izango dira ondorengo musika eskoletako ikasleak: Oiartzungo Ibargain, Legazpiko Doinua, Iruñeko Joaquin Maya, Anoetako Loatzo, Bergarakoa, Zestoako Ertxiña, Lesakakoa, Donostiako Herrera Ikastetxea eta, noski, Astigarragako Norberto Almandoz Musika Eskola.

Gaurko topaketa ederra izango dela aurreratu du Astigarragako Norberto Almandoz Musika Eskolak: «Parte hartuko duten musika eskoletako flautako ikasleak Astigarragara etorriko dira, eta Erriberako atarian egingo dugu emanaldia, denok elkarrekin. Adinka sailkatu ditugu ikasleak eta talde bakoitzak hiru abesti joko ditu, ederra izango da gaurko hitzordua».

Hala ere, jakinarazi du helburu nagusia ez dela kalitatezko emanaldi bat eskaintzea, baizik eta elkarrekin jotzea: «elkar ezagutzea musikaren bidez, eta ikastea adin ezberdinetan zer nolako interesak dituzten. Guri, irakasleoi oso onuragarria egiten zaigu topaketa hau ikasleentzat».

Lan guzti honen atzean, bost irakasle ibili dira buru-belarri lanean, dena antolatzen; tartean, Norberto Almandoz Musika Eskola: «aspalditik geneukan ekitaldi hau egiteko ideia buruan. Bost irakasle gara topaketa hau antolatzen ibili garenak, eta aspalditik gara lagunak, bere garaian flauta ikasle izan baikinen. Beraz, gogoz gaude, eta 80 pertsona bat inguru espero ditugu emanaldi honetan. Etxeko emanaldi bat da gaur Erriberan ikusiko eta entzungo duguna, gertukoa, baina inguruko asko datoz, beraz, aldi berean, zerbait potentea izango da». 

 

«Gogoz daude ikasleak»

Norberto Almandozeko ikasleak, flauta jotzeko gogoz daude, klasekideei eta beste herrietako ikasleei ikasitakoa erakusteko ilusioz; «gurasoak ere etorriko dira haurrak eta gaztetxoak ikustera, baina ikasleak, beste ikastoletako ikasleekin egoteko gogoz daude, harreman berriak egiteko gogoz. Azken topaketa 2019an egin genuen, eta ordutik ikasleak ez dute flauta topaketarik egin, beraz, irrikaz daude. Berriro elkartzeko gogoz daude, eta urte hauetan asko aldatu badira ere, grina horrekin jarraitzen dute».

Errepertorioari dagokionez, txikienek hiru abesti eskainiko dituzte, haundiek beste hiru eta denak elkarrekin beste hiru: «topaketa hauek izaten dira aproposak beste ikasleez ikasteko, sekulako esperientzia izaten da ikasle bakoitzarentzat» azaldu Norberto Almandozek.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!