Piano entzunaldia eta Flauta Topaketa, musikarekin zita bikoitza Erribera kulturgunean

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 23a, 00:00
Bi piano ikasle, aurreko entzunaldi batean.

Norberto Almandoz musika eskolak antolatuta, bihar izango da piano entzunaldia, astigartar eta hernaniarrekin; eta etzi Flauta Topaketa.

Zita bikoitza jarri du Norberto Almandoz musika eskolak, aste honetarako, Erribera kulturgunean. Ez dira nolanahiko hitzorduak, gainera, musikari astigartarrekin batera, Euskal Herri osokoak ariko direlako.

Bihar bertan izango da aurrenekoa: piano entzunaldia eskainiko dute Norberto Almandoz musika eskolako eta Hernani musika eskolako ikasleek, arratsaldeko 17:45etan hasita, Erriberako auditorioan. Doakoa izango da sarrera.

Hurrengo egunean, berriz, musika eskola gehiago etorriko dira Astigarragara. Izan ere, Flauta Topaketa antolatu dute larunbaterako, eguerdiko 12:30etan hasita, Erriberako atarian; eta NAMEko ikasleekin batera, beste zortzi musika eskolatakoak ariko dira bertan, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritakoak: Oiartzungo Ibargain, Legazpiko Doinua, Iruñeko Joaquín Maya, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola, Bergarako Musika Eskola, Zestoako Ertxiña, Lesakako Udal Musika Eskola, eta Loatzo Musika Eskola.

Zeharkako txirulako ikasle eta irakasle askok egingo dute bat Erriberako atarian, eta entzunaldi berezia eskainiko diete, bertaratutako herritarrei. Doakoa izango da hori ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!