Ekofish proiektua jarri dute martxan, beste urte batez, Arantzazuko Amako ikasleek. Zehazki, DBHko hirugarren mailakoak ari dira hainbat ekintza prestatzen, «itsas hondakinen arazoaz kontzientziatzeko eta horri aurre egiteko». Jarduera horiekin, gaiari buruzko sentsibilizazioa sustatu nahi dute, herritarrak arazo horretaz jabetu daitezen.
Herenegun egin zuten aurreneko jarduera, Astigarragako Herri Eskolako patioan, bertako haurrekin. Eskolatik atera berritan, 16:45etatik aurrera, eskulan tailerra egin zuten bertan, eta makina bat haur eta guraso gerturatu ziren, plastikozko botilekin eta bestelako hondakinekin jostailuak egitera.
Bigarrena, berriz, datorren larunbatean izango da: Altxorraren Bila jolasa egingo dute Andre Gobadarien ibai parkean, goizeko 11:00etatik 13:00etara, 10 urtetik beherako haurrentzat. Arantzazuko Amako DBHko ikasleek eta herriko haurrek hartuko dute parte; eta haurren adinaren arabera, baita gurasoek ere. Irekia eta doakoa izango da, eta nahi duten guztiak bertaratu daitezke parte hartzera. Arropa erosoa eramatea gomendatu dute. Gainera, sari sorpresa izango da bukaeran, aurreratu dutenez.
Pasaiako Itsas Gela eta Getariako Itsas Planet elkarteek sustatutako proiektua da Ekofish, eta horixe du helburu nagusia: gizartea kontzientziatzea itsas hondakinen arazoaz, eta horri aurre egitea «gure esku dauden ekintza txikiekin». Martuteneko Arantzazuko Amako DBHko ikasleek urtero hartzen dute parte proiektuan, eta horrelako ekintzak prestatzen dituzte, horietako hainbat Astigarragan, herriko ikasle asko baitaude partehartzaileen artean.