15 sarrera bikoitz, kontzertu solidariorako

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 21a, 00:00

Martxoaren 30ean izango da kontzertua, Donostiako Kursaalen. Sarrerak banatuko ditu Astigarragako Udalak.

Nagusilanek antolatuta, kontzertu solidarioa eskainiko dute martxoaren 30ean, iluntzeko 20:00etan hasita, Donostiako Kursaalen. Beethovenen bederatzigarren sinfonia joko dute, eta bertan hartuko dute parte Astigarragako Aiztondo eta Hernaniko Kantuz abesbatzek, Kantakidetza eta Salatxo abesbatzekin eta Musikeneko egungo ikasleek zein ikasle ohiek osatutako orkestrarekin batera. 170 koralista izango dira, guztira.

Adineko Boluntarioen Elkartea da Nagusilan, eta langile soziosanitarioen lana omentzeko eta aitortzeko antolatu du kontzertua. Emanaldiaz gozatzeko, 15 sarrera bikoitz dauzka Astigarragako Udalak, eta astigartarren artean banatuko ditu.

 

Ostegunera arte, zozketan izena emateko epea

Sarrerak eskuratu nahi dituzten astigartarrek, izena eman behar dute, eta ostegunera arte daukate horretarako epea: alkatetza@astigarraga.eus helbidera idatzita, edo 943 33 52 40 telefonora deituta (goizeko 09:30etatik 13:00etara). Zehaztu beharko dira bertaratuko diren bi pertsonen izen-abizenak eta NAN-a.

15 pertsonak baino gehiagok izena emanez gero, ostiralean egingo lukete zozketa. Bestela, izena eman duten guztiek jasoko dituzte sarrerak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!