«Mairentzat 'Toto' galtzea tragedia bat da, hutsik geratzen da, bizitzeko gogorik gabe»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 00:00

Gaur 20:00etan, Erribera kulturgunean 'Toto' antzezlana eskainiko du Hika teatro konpainiak eta obran Miren Gojenola hernaniarra Mai da: «Joxelu bikotearengandik banandu berri den emakumea. Bikotekide ohiak txakurra galdu du eta horrek pizten du bien arteko eztabaida».

Astigarragan Toto antzezlana eskainiko da gaur, 20:00etatik aurrera Erribera Kulturgunean. Agurtzane Intxaurragak zuzendutako antzerki honetan, Asier Hernandez donostiarra eta Hernanin bizi den Miren Gojenola lekeitiarra dira antzezleak. Gojenolak Toto antzezlanaren nondik norakoak azaldu dizkio Kronikari urduritasun puntu batekin. «Urduri nago eta nire kasuan hori seinale ona da».

 

2023an estreinatu duzue Toto. Zer moduz joan dira orain arteko emanaldiak?

Lezon estreinatu genuen antzezlana, Gezalan, eta harrera ona izan du. Astigarragakoa zortzigarren emanaldia izango da. Hamalau emanaldi ditugu hitzartuak eta gehiago ateratzeko esperantzarekin gaude. Publiko aldetik oso ondo funtzionatzen du. Publiko artean ibiltzen gara. Hori bai, ez dugu ikuslea erabiltzen. 

 

Zer da Toto?

Toto txakur bat da eta intentsitate haundiko obra ere bai. Bikote baten arteko eztabaida bat da. Edozein bikoteren artean esaten diren astakeri guztiekin. Intentsitate haundikoa da hasi eta bukatu egiten delako jarraian, geldiunerik gabe. Ordu eta bost minutu irauten du eta aurpegiratzen dira urteetan Maik eta Joxeluk beraien artean esan ez dituztenak. Abiadura haundia du.

 

Errespeto faltarik ez da faltako Mai eta Joxeluren artean.

Badaude, bai. Mai eta Joxelurentzat tragedia bat da, baina publikoarentzat ez. Denbora guztian egitik gabiltza, komediatik abiatuta. Momentu batzuetan gag-ak dauzka eta publikoak umoretik hartzen ditu.

 

Toto bikotearen txakurra desagertu egin da.

Mai eta Joxelu banandu egin gara. Toto txakurra zaintza partekatuan dugu eta bikote ohiarekin dagoenean galdu egin da. Hori da abiapuntua. Une horretan piztutzen da bien arteko eztabaida. Azaltzen den edo ez jakiteko antzezlana ikustera joan behar da. Orokorrean hitz egiten da, modan edo gaurkortasuna duten gaieri buruz. Txakurrak humanizatzeko joera agertzen da. Hori da obraren muina. Bata besteari gauza asko aurpegiratzen dira. 

 

Trapu zikinak ateratzen dira.

Hori da. Toto seme-alaba bat bezala da beraientzat. Galdu ondoren Mai hutsik geratzen da. Bizitzeko gogorik gabe, txakurra berarentzat dena da. Denen gainetik dago Toto eta tragedia da galdu izana. 

 

Bikote ohiaren gainetik ere bai?

Bai, gainetik. Joxeluk sagastiak ditu, historialaria da eta hizkuntza zaharrak ikertzen ditu. Baina horren gainetik Toto dago. Mairen heldulekua da txakurra. Inork baino gehiago maite du txakurra. Beste gauza batzuk ere gertatzen dira, baina dena ezin da esan. Historia korapilatu egiten da.

 

Agurtzane Intxaurraga zuzendariak dio filtro gutxi dituen obra dela.

Nire pertsonaiak gauzak pentsatu aurretik esaten ditu, botatzen du burura datorkion lehenengo gauza. Ezer ez dagoenean esateko, etortzen da gora Mairen pertsonaia.

 

Ez dago beste pertsonairik?

Biak bakarrik gara. Eszenatokia ere hutsik dago, elementu gutxirekin. Oso obra erraza da alde horretatik. Gu eta publikoa gara, aktorearentzako gure lana. 

 

Nolakoa da Toto?

Publikoak bere Toto eramango du etxera. Galdetu izan digute guretzako nolakoa den Toto. Bakoitzak bere moduan irudikatzen du. Publikoa sagastia da. Etxea eta kanpoaldea daude eta batetik bestera mugitzen gara gora eta behera. Publikoak oso gertu bizitzen du eztabaida. 

 

Toto, Mafaladaren Chuchoren adaptazioa da.

Chuchon agertzen diren olibondoak, hemen sagarrondoak dira. Mafaldan Benitok Joku Olinpikoak erabili zituen, hemen danborrada erabiltzen da. Joxelu donostiar peto-petoa da eta Mai berriz, lekittarra. Joko hori ere erabili dugu. Chuchon balentziarra eta espainiera erabiltzen dira. Hemen euskera, baina donostiarra eta lekittarra. Horrek joku asko eman digu. 

 

Hizkuntza gutxituei keinua ere egiten omen zaie.

Bai. Joxelu historialaria da eta Maik klaseak ematen ditu institutuan. Orduan aipamen asko egiten dira horren kontura. Ez nekizkien gauza asko ikasi ditut. 

 

Bikote bezala ba al dute etorkizunik Maik eta Joxeluk?

Trapu zahar guztiak aurpegiratu eta gero, gai dira erlazioa normalizatzeko. Etorkizunean zer gertatuko den, irekia geratzen da.

 

Etxean edo etxetik gertu antzeztean urduriago egoten naiz

Miren Gojenolak dioenez Astigarragan antzezteak urduritasuna sortzen du. «Etxetik gertu lagunak egongo dira, gainera grabatu egingo da».

Miren Gojenola lekeitiarra da eta aurten 55 urte beteko ditu. 18 urterekin hasi zen antzerkian lanean, Donostiara iritsi zenean.

 

Antzerkigintzan zenbat urte daramatza Miren Gojenolak?

Bizitza oso daramat. 18 urterekin hasi nintzen eta 55 urte ditut. Lekittarra naiz eta 18 urterekin joan nintzen Donostiara, antzerki eskolara. Hiru urte eta gero Hika antzerki konpainia sortu genuen. Orduandik antzezle lanetan aritu naiz. 

 

Eta jarraitzeko asmoarekin.

Bai. Klaseak ematen, zuzentzen ere bai. Denetik, beti ere mundu honen inguruan.

 

Hernanin ere urte batzuk bai.

Hernanin Lekitton baino urte askoz gehiago daramat bizitzen. 18 urterekin Donostiara joan nintzen, hortik Usurbilera eta gero Hernanira. 25 urterekin edo etorri nintzen. 30 urte daramatzat bertan.

 

Berezia izaten al da etxean lan egitea edo ezagunen artean antzeztea?

Urduriago egoten zara. Ezberdina da. Dagoeneko urduri nago. Badakit lagunak joango direla ikustera eta horrek urduritasuna sortzen du. Gainera Astigarragan obra grabatu egingo da, beraz ondo egin behar dugu. Berezia izango da. Erribera leku ederra da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!