Pintura saio magistrala eta 'Toto' antzerkia etzi, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 16a, 00:00
Miren Gojenola eta Asier Hernandez, 'Toto'n. Argazkia: hikateatroa.eus

Pintura Saio magistrala goizeko 10:00etan hasiko da, eta gaur da bertan izena emateko azken eguna. Antzerkiari 20:00etan emango zaio hasiera, Erriberan.

Larunbat borobila izango da etzikoa astigartarrentzat, kultur jarduerak antolatu baitira goizerako eta arratsalderako. Goizean pintura saio magistrala eskainiko du Nagore Olarrak, goizeko 10:00etaitk eguerdiko 13:00etara, Erriberan. Tailer honetan, Nagore Olarra artistak irudiak eraikitzeko beste modu bat erakutsiko du, orbanen eta lerroen arteko harremanak landuz eta kolore eta formen konposizioetan oinarrituz. Bertaratzeko, aldez aurretik izena eman behar da, eta horretarako azken eguna da gaurkoa. Apuntatzeko 695 752 994 edota 652 701 553 telefono zenbakietara deitu behar da. 

'Toto' antzerkia, larunbat arratsaldean 

Goizeko tailerraz gain, arratsaldean ere egongo da kulturaz gozatzeko tartea; 'Toto' antzerkia oholtzaratuko baitute, Miren Gojenola hernaniarrak eta Asier Hernandezek. Arratsaldeko 20:00etan emango zaio hasiera antzerkiari, Erriberan; sarrerak 5 euro balio du 18 urtetik beherako gazteentzat, eta 10 euro, aldiz, 18 urtetik gorakoentzat. 

'Toto', komedia olinpikoa da. 'Toto'k belaunaldiz belaunaldi iraun duen sagastien adina dauka edota txakurkume batena ere bai. 'Toto'k maitasunaren zuri-beltzaz hitz egiten du oro har, eta bere magnitude kosmiko osoan: «Joselu, Mai eta Toto, oraintxe bertan, gizateriaren eta animaltasunaren artean daude».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!