Astigarragako emakumeen historia ezagutzera emateko beka argitaratu du Astigarragako Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 16a, 00:00
Astigarragako emakumeen historia ezagutzera emateko ikerketa beka jaso zuen Amets Castrejana hernaniarrak 2020an.

Bekaren eskabideak aurkezteko epea irekita dago eta apirilaren 13ra bitartekoa izango da. Oinarriak eta deialdia GAOn daude.

Astigarragako Udalak genero ikuspegia duen ikerketa beka bat argitaratu du, Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratu, balioan jarri eta herritarren eskura jartzeko asmotan. Honekin batera, Astigarragako emakumeek herriko bizitza kultural, sozial, ekonomiko eta politikari eginiko ekarpena balioan jarri nahi du Udalak. Beka honen lehenengo edizioa, 2020an sortu zen, eta «honi esker XX. eta XXI. mendeetako emakumeen gorputz praktiken inguruko ezagutzak areagotu, eta zabaldu ahal izan direla» aitortu du Udalak. Bigarren deialdian, emakumeek Astigarragako saltoki txikietan, merkaturatzeko-zirkuitu laburretan eta lehen sektoreko produktuen salerosketan izan duten zeregina aztertu nahi izan zen: «Baina deialdi honetarako, ordea, ez zen beka-eskaerarik jaso».

Aurtengoa hirugarren edizioa da, eta gaur argitaratu dira bekaren oinarriak eta deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (50.zenbakian). Ondorengoak dira deialdi honetako hainbat datu aipagarri: beka eskatzaileak 18 urtetik gorako norbanakoak izan beharko du, Astigarragan erroldatuta egotea ez da ezinbesteko baldintza; edota horretarako propio osatutako nortasun juridikorik gabeko taldea izan daiteke; ikerketaren gaiari dagokionez, irekia da eta eskatzaileak erabakiko du ikerlanaren gaia, betiere bekaren xedearekin bat etorriz; ikerketaren iraupena 18 hilabetekoa izango da, gehienez; bekaren zenbatekoa, berriz, 10.000 eurokoa da; eta azkenik, aurkezteko epea irekita dago apirilaren 13ra arte.

Beka eskaerarekin batera, ikerketa-proposamen bat aurkeztu beharko dute eskatzaileek eta epaimahai batek baloratuko ditu. Ondoren, ikerlanen aukeraketa burutuko du epaimahaiak, merezimendu-lehiaketan lortutako puntuazioaren baitan.

Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izango dira: eskatzailearen edo eskatzaileen kurrikuluma, ikerketa proposamenaren egokitasuna, hau da, zuzentasuna eta balio zientifikoa, originaltasuna, bideragarritasuna, metodologia, eta kronograma; ikertzaileek edo ikertzaile-taldeen %51 emakumeak izatea eta ikertzaileek edo ikertzaile-taldeen %51 Astigarragan erroldatuta egotea.

Ordainketari dagokionez, onuraduna edo onuradunak onartuak izatean, kopuru osoaren %70a jasoko dute, beka ematen den une berean, aurreordainketa moduan; eta kopuru osoaren %30a prozesuaren bukaeran behin betiko lana aurkeztu eta Astigarragako Udalak onetsi ondoren jasoko du.

Bekaren gaia irekia denez, Astigarragako Udalak aditzera eman du aukera anitzak eskaintzen dizkiola eskatzaileari, nahi duen ikuspegitik ikerketa lantzeko. «Era honetako ikerketek garrantzia dute, herriko historia osatzen dute eta». Horregatik, Udalak gonbidapena luzatu nahi die herritarrei beka eskatzeko eta euren ikerketa-proposamena helarazteko.

Bekari buruzko informazioa zabaltzeko edo zalantzak argitzeko, idatzi berdintasuna@astigarraga.eus helbidera edo deitu 638 206 586 zenbakira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!