Lanean jarraitzen du Kontxa Etxeberria foroak, eta otsailaren amaieran egin zuten azken bilera

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 9a, 00:00
Kontxa Etxeberria Foroaren bilera.

Haurren eta nerabeen prebentzioan lanean jarraitzen du, eremu hori hobetzeko proposamenak eta ekarpenak bilduz. 

Lau hilabetean behin biltzen da Kontxa Etxeberria foroa, eta otsailaren 27an egin zuten azken bilera. Taldeko kideek haurren eta nerabeen prebentzioan egiten dute lan, eremu hori hobetzeko proposamenak eta ekarpenak bilduz. Foroan gaur egungo egoera aztertu eta baloratu zuten, ondoren hobekuntzak proposatu ahal izateko. 

2020an, Kontxa Etxeberria fundazioa desegin zenean, Udalak konpromiso batzuk hartu zituen bere gain, Kultur Etxe Zaharra eta inguruko lurrak eskuratzearen truke; Udalak fundazioaren ondasunak azkentzeko eta eskualdatzeko gastu guztiak bere gain hartu zituen, Kontxa Etxeberria fundatzaileari eta fundazioari buruzko biografia argitaratu zuen, Lurdes Odriozola historiagilearen eskutik, eta 40.000 euroko urteko aurrekontu-ekarpena egingo du beharrizan haundienak dituzten Astigarragako haur, nerabe eta gazteen hezkuntza integrala sustatzeko. 

Une honetan zenbait egitasmo daude martxan Astigarragan, Hezkuntza-programa eta Haur eta nerabeen prebentzioa, besteak beste. Azken bi urteetan 120.000 euro baino gehiago bideratu ditu Udalak bi programa horietara. Horrez gain, laguntza ekonomikoak atera berri ditu adingabeen garapenean sor daitezkeen beharrizanetarako, 40.000 euroko aurrekontuarekin.   

 

Balorazio positiboa egin du Udalak

Adin txikikoentzat bideratzen ari diren programen balorazio positiboa egin du Astigarragako Udalak, eta nabarmendu du oso baliagarria dela Kontxa Etxeberria Foroaren lana: «Eraginkorra izaten ari da Foroa, eta ideia zein ekarpen garrantzitsuak jaso dira bertatik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!