Terrazen ordenantza jendaurrean egongo da apirilaren 20ra arte

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 00:00

Prest dago ordenantza berritua, eta edonork aurkez ditzake erreklamazioak apirilaren 20ra arte.

Aurreko urteko maiatzean jarri zuen martxan Astigarragako Udalak terrazen ordenantza berritzeko prozesua. Herritarrekin eta ostalariekin elkarlanean osatu dituzte aldaketa guztiak, eta dagoeneko prest dago proposamen berritua. Udalaren helburua «terrazen erabilerari eta ezaugarriei dagokienez elkarbizitzarako gakoak identifikatzea eta herritarrekin eta ostalariekin batera gako horien inguruko adostasunak lantzea» izan da. 

Gauzak horrela, honakoak dira ordenantza berrituak biltzen dituen aldaketa nagusietako batzuk: sarreran hautsontziak jarri behar dira; mahaiak jarri ahal izateko 4 metroko espazioa beharko da gutxienez, eta 2,5 metroko espazioa upelak jartzeko; gehienez ere 12 mahai jarri ahal izango dira fatxada bakoitzean; goizeko 08:00etatik aurrera jarri ahalko dira terrazak, 16 orduz udaran eta 15 orduz neguan; terraza ondoko lokalaren parean jartzeko, establezimendu horren baimenaz gain, jabeen komunitatearen baimena beharko da; eta bezeroen bistan jartzen diren elementu guztiak gutxienez euskeraz idatzi beharko dira. 

Erreklamazioak apirilaren 20ra arte

Joan den ostiralean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ordenantza aldatu izanaren iragarkia, eta apirilaren 20ra arte egongo da jendaurrean. Horixe izango da ordenantza berrituari erreklamazioak aurkeztu ahal izateko epea, eta edonork dauka aukera desadostasunak adierazteko. Ondoren, Udalak jasotako erreklamazioak aztertuko ditu. 

Ordenantza berria behin-betiko indarrean sartzen den momentutik, egindako lizentzia eskaerei ordenantza berriak eragingo die. Urte honetarako baimena lortu dutenei, aldiz, aurreko ordenantzak eragingo die 2024ra arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!