Europako kamioi-aparkalekurik onena da Astigarragako GZI

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 7a, 00:00

2021eko abenduan ireki zen Astigarragako GZI. Argazkia: ESPORG.

ESPORG elkarteak European Truck Parking of the Year saria eman dio Garraio Zentro Integralari, kalitatezko zerbitzuak eskaintzeagatik.

European Truck Parking of the Year saria jaso du Astigarragako Garraio Zentro Integralak. ESPORG, Europako Kamioientzako Aparkaleku Seguruen elkarteak ematen duen saria da, eta Astigarragako guneari eman diote segurtasun, kalitate, konektibitate eta zainketa baldintza maila gorena izateagatik. 

Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak jaso du saria Europar Parlamentuan egin duten Urteko Batzar Orokorrean. Oiarbidek errekonozimenduaren balioa haundia dela azaldu du: «Europa zeharkatzen duen Atlantikoko garraio-ardatz nagusiaren barruan, digitalizazio eta segurtasun erreferente gisa kokatzen gaitu». 

Kristian Schmidten, Europar Batzordeko Lurreko Garraioko Zuzendari Nagusiaren eskutik jaso du saria foru diputatuak, eta Schmitdek nabarmendu du Astigarragako aparkalekua dela egin behar denaren adibideetako bat: «Halako kalitatea duten aparkaleku gehiago behar ditugu Europar Batasunean, garraiolarien lanbidea erakargarriagoa izan dadin eta aldi berean erregai alternatiboen hornidura lurralde osoan zehar hedatzen laguntzeko azpiegitura estrategikoak direlako».

Urte beteko ibilbidea

2021eko abenduan ireki zen Astigarragako Garraio Zentro Integrala, eta denbora gutxian erreferente bihurtu da. 25.263 metro karratuko zentroa da, eta kamioientzako 525 plaza seguru, babestu eta konektatu eskaintzen ditu. Horrez gain, jatetxe, konektibitate, hornidura, higiene, aisialdi eta garbiketarako zerbitzuak ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!