Maria Otaegi Velez izango da Astigarragako EAJ-PNVren hautagaia alkatetzarako. Astigarragako EAJ-PNVk, bere batzarrean, aho batez izendatu zuen Maria Otaegi Velez maiatzaren 28an izango diren hauteskundeetarako, alderdiaren zerrendaburu.
Otaegi, tradizio politiko sakona duen Astigarragako familiakoa da, eta, esperientzia dauka udaletxeko lanetan, izan ere, 12 urte eman ditu zinegotzi lanetan Hernanin.
Orain, EAJren zerrendaburu jarraituko du ibilbidea Astigarragan. Maria Otaegi, Zuzenbidean lizentziatua da, eta, aholkulari lanean aritu da sektore pribatuan; gaur egun irakaslea da. Arduraz eta ilusioz hartu du datorkion erronka. «Ilusio berbera eta eskarmentu haundia duen lan taldearekin elkarlanean, Astigarragaren eta astigartarren beharrei erantzungo dien programa» osatzen dihardu.
«EAJ-PNVk konpromiso ukaezina du Astigarragarekin; esaterako, 1986ean Donostiatik desanexionatzearen aldeko apustu irmoa egin zuen (beste alderdiek ez bezala) eta horri esker da Astigarraga berriz ere herri independiente. Ondoren, Astigarragako hezkuntza, kirol eta kultur azpiegiturak gauzatu ditu. Zerbitzu plangintzari esker, herriko gazteek euren bizi-proiektua herrian bertan egin ahal izango dute: Astigarraga etorkizuna duen herria bada, EAJri esker da».
Ildo horretatik, «Astigarragak dituen erronkei erantzuteko lanean dihardu taldeak, gogoz, sendo eta zintzo. Hori da EAJ-PNVren eredua».
Etorkizunari begira, Otaegik esan du: «Astigarraga herri langile eta indartsua da, potentzial haundikoa. Herriak dituen baliabideekin eta elkarlanean behar diren proiektuak bideratuko ditugu, eta Astigarraga merezi duen lekuan kokatuko dugu».