Terrazen ordenantza berrituari, hasierako onarpena Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00

Aho batez onartu zituzten Plenoko gai gehienak.

Aho batez onartu zituzten beste hiru arautegi: ezkontza zibilena, hileta eta omenaldi zibilena, eta nerabeen zerbitzuena.

Ezohiko moduan hasi zuen astearteko Plenoa, Astigarragako Udalak: zinegotzi kargua hartu zuen Olaia Pastorizak, EAJ-PNV alderdiarekin, Antton Kostaren ordez. Iazko maiatzean utzi zuen kargua Kostak.

Arautegiak eta ordenantzak izan ziren protagonista Plenoan, eta hasierako onarpena eman zieten lauri: terrazen ordenantza berrituari, ezkontza zibilen arautegiari, hileta eta omenaldi zibilen arautegiari, eta nerabeen zerbitzuen arautegiari. Lauak jarriko dituzte jendaurrean, eta alegazioak aurkezteko aukera izango da, 30 egunez.

«Elkarbizitza hobetzeko asmoz», 2022ko maiatzetik abendura egin zuten partehartze prozesua, terrazen ordenantza berrikusteko, ostalariekin eta herritarrekin. Jasotako ekarpenetatik abiatuta, honako aldaketak egin dituzte, besteak beste: sarreran hautsontziak jarri beharko dira; mahaiak jarri ahal izateko 4 metroko zabalera beharko da, eta kupelak jartzeko 3 metrokoa (kupelak aulkirik gabe); fatxada bakoitzeko 12 mahai jarri ahal izango dira gehienez ere; terraza ondoko lokalaren parean jartzeko, establezimendu horren baimenaz gain, etxe jabeen komunitatearen baimena ere beharko da; eta goizeko 08:00etatik aurrera jarri ahal izango dira terrazak, neguan 15 orduz eta udaran 16 orduz. EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin onartu zen, eta abstenitu egin zen EAJ-PNV.

Ezkontza zibilei dagokienez, arautegi bat osatzeko beharra ikusi du Udalak, dagoeneko asko egiten dituelako, baina arautu gabe zegoelako. Arautegiaren arabera, ezkontideetako batek Astigarragan erroldatuta egon beharko du, herrian lan egin, edo etxebizitza izan. Eta ostegunetan eta ostiraletan izango dira, eta baita hileko bigarren larunbatean ere, 11:30etatik 13:00etara, Aste Santuan, abuztuan, Gabonetan eta jaiegunetan izan ezik.

Berdin gertatu da hileta eta omenaldi zibilekin. Horrelakoak egiteko, espazio publikoen erabilera arautu nahi izan dute: Joseba Barandiaran plazan, Emakumeon Plazan, Txomiñenen eta Kontxa Etxeberria plazan egin ahal izango dira, astelehenetik igandera 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta hiletak ezingo du 90 minutu baino gehiago iraun.

Arautu gabe zeuden, era berean, Udalak nerabeentzat eskaintzen dituen zerbitzuak, eta horren beharra ikusi dute. Honakoak dira arautegiaren alderdi nagusiak: zerbitzua non garatuko den, hizkuntza, Gaztelekua eta kultur etxe zaharra erabiltzeko arauak, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, arau hausteak...

Aho batez onartu zituzten, hiru arautegi berriak.

 

Astigarragako landa eremuan, bost biztanle-entitate berezi

Horien aurretik, Astigarragako landa eremuari dagokion gai bat onartu zuten aho batez. Landa eremuan dirulaguntzak eskatu ahal izateko, askotan beharrezkoa da landa-biztanleriaren entitate berezi batekoa izatea. Horregatik, erabaki dute bost entitate berezi sortzea herrian, landa eremuan bizi direnei erraztasunak emateko: Oialume, Santiomendi, Perurena, Txoritokieta eta Mendiaundi. Beste ondoriorik ez dauka horiek sortzeak.

Udal eraikinak eta leihoak garbitzeko zerbitzuaren kontratua luzatzea ere onartu zuen Plenoak, aho batez. Beste urtebetez egingo du eraikinen garbiketa UTE Astigarbik, eta leihoen garbiketa Garbialdik.

Eta azkenik, Martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzionala onartu zuten, hiru alderdiek bozeramaileen batzordean adostutakoa, Zaintzen duen herria helburu izenburuarekin: «Euskal Herriko mugimendu feministak deia egin du zaintzaren sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzeko, eta Udalak bat egin du horrekin». Gainera, Martxoaren 8aren inguruan antolatu diren ekintzetan parte hartzeko deia egin du.

Plenoa bukatzeko, Xabier Urdangarin alkateak jakinarazi zuen, «bide onetik» doazela Donostia Ibilbideko obrak, eta martxoaren bukaerarako irekitzea espero dutela. Gainera, azaldu zuen aste honetan esleitu dituztela Murgia parkea berritzeko obrak, eta datorren astean hasiko direla. Datozen egunetan jarriko dute martxan, baita ere, ibai parkean hainbat jolas eremu jartzeko obren lehiaketa.

 

Euskeraren erabilera sustatzeko plana onartuta, Tokiko Gobernu Batzordean

Plenoaren aurretik, ohi bezala, Tokiko Gobernu Batzordearen bilera egin zuten, eta hainbat gai landu zituzten. Batetik, onarpena eman zioten euskeraren erabilera sustatzeko planari, Udaleko euskera zerbitzuak eta UEMAk adostu dutena. Urtebeterako plana da, eta epe horretan, diseinatuko dute 2024-2029 epealdirako plan estrategikoa, herritarrekin eta herriko eragileekin batera. Honako esparruak landuko dira: familia transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea eta etorri berriak, administrazioa, arlo sozioekonomikoa, eta aisia, kirola eta kultura.

Hirigintza gaiei dagokienez, onarpena eman zieten bi proiekturi: Bortoenea urbanizatzeko proiektuari behin betiko onarpena; eta Errekalde Lizardi 2.4 EUko jabe bakarra birpartzelatzeko proiektuari hasierako onarpena.

Astigar elkarteari 25.000 euroko dirulaguntza izenduna ematea ere onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak, 2023ko egitasmoak burutzeko. Eta azkenik, onartu zuten Berdintasun Sailaren ikerketa bekaren 2023ko deialdia, Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko eta balioesteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!