Euskal Federazioaren Sarian hartu du parte Mundarrok, neska kadeteetan, joan den asteburuan. Lau talde aritu dira bertan, bi gipuzkoar eta bi bizkaitar: Mundarro bera, Zarautz, Muskiz eta Errotabarri.
Ostiraletik igandera jokatu dituzte partiduak, egunean bana; eta hirugarren bukatu dute astigartarrek, azkenean. Partidu guztietan aritu ziren lehiakor moreak, baina garaipen bakarra lortu ahal izan zuten.
Ezin hobeto ekin zioten txapelketari, ostiralean: Zarautzen kontra jokatu zuten, eta 28-22 irabazi zuten. Larunbatean, berriz, Muskiz izan zuten kontrario, eta 18-24 galdu zuten. Eta igandean, azkenik, Errotabarriren kontra jaso zuten porrota (13-23). Muskizek irabazi du txapelketa, eta Errotabarri izan da bigarren.
Hernaniko mutil nagusiak, laugarren postuan sendo
Gipuzkoako txapelketei dagokienean, beste garaipen bat lortu zuten Hernaniko mutil nagusiek, bigarren mailan; eta laugarren postua sendotu dute. 23-33 nagusitu ziren Egiaren kantxan, eta 15 puntu dauzkate: Donibane Bonantza dago hirugarren, 20 punturekin; eta Txingudi bosgarren, 12 punturekin eta partidu bat gehiago jokatuta.
Jubeniletan, berriz, porrota jaso zuten Hernaniko bi taldeek, Federazio Torneoan. Mutilek 21-35 galdu zuten Tolosaren kontra; eta neskek 18-30 Pulporen kontra.