Elkartearen edukiak argitaratzeko eta herritarrak informatuta mantentzeko bloga, Galtzaur Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 27a, 00:00

Otsailaren 4an egindako urteko batzarrean aurkeztu zitzaien bloga bazkideei.

Zuzendaritza batzordearentzat garrantzitsua da bazkideek teknologia berriak erabiltzen ikastea: «oso beharrezkoak baitira gaur egun, arlo guztietan».

Astigarragako Galtzaur Elkarteak sortutako bloga, bazkideentzat eta informazioa nahi duen ororentzat dela argitu zuten otsailaren 4an egindako batzarrean: «sarbidea publikoa da eta helburu nagusia da elkartearen edukiak argitaratzea eta jendea informatuta mantentzea». Ondorengoa da esteka: galtzaurelkartea.blogspot.com. 

Orri nagusian sartuz gero, lehenik eta behin, deitutako jarduera puntualen deialdiak agertzen dira, eta, ondoren, egin diren jardueren informazio grafikoa eta idatzizkoa ere aurkitu daiteke. Egindako jardueren informazioaz gain, irudiak ere badituela nabarmendu dute Galtzaurreko kideek: «nahi duenak deskarga ditzakeenak».

Horrez gain, blogeko orrialde guztietan menu txiki bat agertzen da, zenbait atalekin. Eta bilatzaile bat ere badago, bilatu nahi dena idatzi ahal izateko, eta formularioa bat ere badago.

Azkenik, beste menu bat aurkitu daiteke, «intereseko webguneetara eramango gaituena, hala nola, Eusko  Jaurlaritza, Astigarragako Udala edota Osakidetza; eta dokumentu interesgarrietara ere, tartean, elkartearen estatutuak eta barne-araudiak».

 

Galtzaur digitalizaziora salto eginez

Digitalizatzeko buru-belarri ari da lanean Galtzaur Elkartea, eta horren adibide da duela gutxi sortutako bloga. Hala ere, ez dira digitalizaziora bidean egindako pausu bakarrak, izan ere, orain arte eskuz idatzita zeuden datu guztiak informatizatu dituzte, sare sozialetan murgildu dira, Telegramen ere bai, eta Twitter kontu bat ere sortu dute.

Lan hauen arduraduna Juantxo Castillo izan da, zuzendaritza batzordeko kidea. Zuzendaritza batzordearentzat garrantzitsua da bazkideek teknologia berriak erabiltzen ikastea, «oso beharrezkoak baitira gaur egun arlo guztietan», eta horretarako tailerrak ere eskaini dituzte mugikorra eta ordenagailua erabiltzen irakasteko, erabiltzailearen oinarrizko mailan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!