Lore artean pasatu du bizitzaren zati haundi bat Lourdes Irizar astigartarrak. Ezkontzetarako, jaunartzeetarako eta beste hamaika ekitalditarako erramuak ondu ditu azken urteetan, eta hilabete honetan iritsi zaio erretiroa hartzeko ordua. Lasai utzi ditu eginbeharrak, «esku onetan» jarraituko baitu Lizardik. «Poz haundia» sentitzen du Irizarrek aurreko belaunaldien lanak jarraipena duela ikustean; laugarren belaunaldiaren txanda da orain.
Duela gutxi hartu duzu erretiroa, zer moduz zaude?
Oso ondo, oso esperientzia polita da. Lan asko egin dugu urte hauetan zehar, eta deskantsoa ere estimatzen da. Aspertzeko tarterik ez dut izan oraingoz.
Deskonektatu duzu laneko kontuetatik?
Lehenengo egunetan arraroa egin zitzaidan, batez ere lanera sartu ohi nintzen ordutegietan lasai ibiltzea. Hainbeste urteren ondoren buruan daude laneko kontuak, baina lasaitasunean ere pozik nago.
Zein izan da zure lana urte hauetan?
Azkeneko urte hauetan lore erramuak egiten aritu naiz; beilatokietarako, ezkontzetarako, jaunartzeetarako eta halako ekitaldietarako gauzak prestatzen. Lizardira iristen zirenei harrera egitea ere nire ardura izan da.
Erramuak prestatzeko garaian, ekitaldi bakoitzak lore mota zehatzak ditu?
Tira, gaur egun lore guztiek balio dute ekitaldi guztietarako. Lehen izaten zen sota, caballo y rey: koroi bat egiteko gladioloak, krabeliñak eta lilium batzuk erabiltzen genituen. Orain koroia zaharkitua geratu da, eta jendeak nahiago izaten ditu raketa moduko gauza txikiagoak. Koloreen artean egon daiteke ezberdintasun argiena, ezkontza batean bilatzen dira kolore argiak eta xuabeak; beilatokietarako, aldiz, kolore alaiak nahi izaten ditu jendeak, orokorrean ez dira gauza tristeak nahi izaten.
Zein da jendeari gehien gustatzen zaion lorea?
Ez dago erantzun zehatzik, baina larrosa izan daiteke maitatuena. Lore mota asko daude, kolore ugari, eta aukera oso zabala da. Orain neguko loreak izaten dira ederrenak: anemonak, ranunculuak, irisak, tulipanak… Maiatzera arte irauten dute lore hauek, eta oso politak izaten dira. Dena den, ustuak aipatzerakoan kontuan izan behar da lore bakoitzaren sasoia; abuztuan norbaitek tulipanak nahi baditu ez dira hemengoak izango, kanpotik ekarri beharko dira.
Lizardira ekartzen dituzue kanpoko loreak?
Bai, batzuk ekartzen dira. Konplementuak behar izaten ditugu, eta sasoitik kanpoko loreak eskatzerakoan kanpotik ekarri behar dira.
Zein gomendio eman izan diezu loreak zaintzeko zailtasunak dituztenei?
Etxeko lore moztuek hamabost egun irauten ditu, gehienez. Badago jendea esaten duena lore guztiak lehortzen zaizkiola, eta halako kasuetan gomendatu izan diet siemprevivas loreak hartzeko; lehorrak geratzen diren loreak dira, eta sei hilabetean ez dira mugitu ere egin behar. Bestelako loreak zaintzeko, aldiz, garrantzitsua da ureztatzea. Guk egunero ura edaten dugun bezalaxe, landare eta loreek ere behar dute. Ondoren bakoitzak bere moduak eta teknikak aukeratu behar ditu loreak zaintzeko, azukrea erabiltzen dute batzuk, aspirina besteek. Ez dago modu bakarra.
Zuri zein lorek eman dizu lan gehien?
Egia esan ez daukat bat buruan, ez dut sekula lorerik gorrotatu. Akaso usain haundia duten loreekin lan egitea da zailena; lilium orientalarekin, esaterako. Ezkontza baterako gauzak prestatzen ari zarenean zentro pila bat egin behar dira, eta usain haundia duten loreekin lan egiten baduzu bukatzen duzu mozkortuta zaudenaren sentsazioarekin. Alergia txiki bat izanez gero ez da erraza izaten. Nardoa da beste adibide bat, oso lore txikia dauka, baina sekulako usaina botatzen du.
Hogei urte nituenean dena aguantatzen nuen. Orain, aldiz, ez dakit adinagatik den, baina esaten duzu: 'Jesus, Maria eta Jose! Zer da hau!'. Usain fuerteak jasateko aldatu egiten gara denborarekin. Gauza bera gertatu zait koloreekin ere; lehen txuria eta txanpain koloreak zaharren koloreak iruditzen zitzaizkidan, eta orain beste iritzi bat daukat. Aldatu egiten gara.
Atzera begira jarrita zein momenturekin geratzen zara?
Zaila da aukeratzea. Sentsazioak beti zian dira onak. Orain dela urte batzuk antzekoa zen egiten genuen lana, baina unean uneko tendentzien arabera aldatzen zen; loreek lotura estua izaten dutelako moda joerekin. Ez daukat gogoan momentu bat bestea baino hobea izan denik, une guztietan egon naiz gustura.
Zer da zuretzat Lizardi Loreak?
Nire ikuspuntutik etxe bat izan da. Denok oso gertukoak izan gara, familiako lana gaildendu da, eta gustura egin dugu lan taldeko helburuak betetzeko. Belaunaldiak aldatzen joan dira, baina goxotasuna beti mantendu da. Gure aiton-amonak hasi ziren, gurasoak ondoren, gu ere bertan aritu gara, eta orain laugarren belaunaldiaren txanda iritsi da. Hurrengoek ere goxotasunarekin hartu dute, eta gu bezain gustura aritu daitezela opa diet.
«Oso lotura estua dute loregintzak eta modak. Unean uneko tendentzien arabera aldatu da gure lana. Egia esan, ez daukat gogoan momentu bat bestea baino hobea izan denik, une guztietan egon naiz gustura lanean»
Zer sentitzen da laugarren belaunaldiak jarraitzen duela ikustean?
Poz haundia ematen du. Gure belaunaldia azkena izan balitz pertsiana jaitsi beharko genuke orain, eta pena galanta litzateke. Gainera, goxotasun ikaragarria ematen du jakiteak esku onetan geratu dela; ilusioarekin eta lanerako gogoarekin geratu dira.
Ikusten duzu belaunaldi aldaketarekin zerbait berria sartu dutela?
Bai, noski. Guk gure ukitua eman genion, askatasuna izan genuen nahi genuena egiteko, eta orain haiek sartuko dute haize berria, beste estilo eta formula batzuekin. Tarteka ematen du norberari imaginazioak gehiagorako ematen ez dionean ez dagoela ezer aldatzeko, baina ez da horrela izaten. Ni oraindik ez naiz bertara azaldu, baina joaten naizenean ziur topatuko ditudala egin dituzten aldaketak.
«Larrosa izan daiteke lorerik maitatuena. Dena den, gustuak aipatzerakoan, sasoia da kontuan izan behar dena; abuztuan norbaitek tulipanak nahi baditu ez dira hemengoak izango, kanpotik ekarri beharko dira»
Intentzioa daukazu loreekin lanean jarraitzeko?
Santu guztien egunean, amaren egunean edo egun berezi batean esaten badidate laguntza behar dutela noski egingo dudala, inongo arazorik gabe. Libre gustura nago, baina momentuak hala eskatzen badu nire laguntza izango dute.