Musikak protagonismoa izango du egunotan Astigarragan, bihar eta etzi eskainiko diren emanaldiei esker. Bihar, Batu musikari zikloaren baitan, kontzertua eskainiko dute Astigarragako Norberto Almandoz musika eskolako Moriarty eta Zuri taldeek, Erriberan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Emanaldirako sarrera doakoa da, eta Norberto Almandoz musika eskolak herritarrak gonbidatu ditu bertaratzera.
Etzirako, berriz, Kantu bat gara emanaldia antolatu dute, eta Erriberako oholtzara igoko dira Jon Maia, Gorka Hermosa, Pello Ramirez, Nacho Soto eta Nerea Quincoces. Emanaldian zehar, Jon Maiak euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen ikuspegi partikular bat zabalduko du, bere kantutegiaren bidez, hitzaren emozioa kantu bihurtuz, eta publikoaren konplizitatea bilatuz. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da emanaldia. Helduentzako sarrera 10 euro dira, eta 18 urtez azpikoena, berriz, 5 euro.