Enaitz Goñi maila bikainean aritu da asteburuan, Gipuzkoako selekzioarekin, Bartzelonan. Sant Andreu igerilekuan antolatu den Alejandro López Sarian, 50 metroko igerilekuan aritu ziren igerilariak. Astigarragako igerilaria zortzi onenen artean sailkatu da bi probatan. Bere bi marka hobetu ditu eta bere denborarik onenetan egin du igeri. Denboraldi garaia eta txapelketa horretan igerilariek izaten duten sasoi puntua kontuan hartuta, Enaitz Goñi Espainiako igerilari onenekin lehiatu zen.
Estilo libreko 200 eta 400 metroko probetan zortzigarren eta bosgarren postuetan sailkatu zen. 200eko finalera sartu zen, 1:56.29ko denborarekin; eta finalean ere 1:57ko denboraren azpitik egin zuen. Finalean, nazioarte mailan Munduko Txapelketetan eta Olinpiar Jokoetan dabiltzan Sergio de Celis, Miguel Duran edo Ferran Juliarekin aritu zen. 400ekoan ere, bere denbora onenetik segundo batera geratu zen, 4:10.65ekin.
100 metro bizkar estilo proban, B finalera sailkatu zen, eta bere markarik onena egin zuen 1:00.43 denborarekin. 100 metro librean ere B finalera sailkatu zen, eta bere markarik onena lortu zuen 53.56rekin. Gipuzkoako selekzioko bigarren ordezkari onena izan da mutiletan, eta oso gustora dago emaitzekin.