Dirulaguntzak, garapen prozesuan zailtasunak dituzten adingabeentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 20a, 00:00

Astigarragako Udalak diruz lagunduko ditu ikasgai tronkalen errefotzu akademikoa eta hezkuntza-premia bereziko tratamenduak.

Dirulaguntza lerro berri bat jarri du martxan Astigarragako Udalak, adingabeekin eta beren garapenarekin lotutakoa. Zehazki, Udalak diruz lagunduko du adingabeen garapenaren esparruan sortutako premien tratamendua. 40.000 euroko partida bideratu du horretara, eta dagoeneko aurkeztu daitezke eskaerak, udaletxeko erregistroan edo astigarraga.eus webgunearen bitartez. Epea urte osoan egongo da zabalik, baina partida agortu arte emango dira dirulaguntzak.

Bi ildo izango ditu dirulagun­tza lerro berriak: ikasgai tronkaletan errefortzu akademikoa, eta hezkuntza-premia bereziko tratamenduak. Bateragarriak di­ra bi ildoak. Laguntza horien hel­burua da, «garapen prozesuan zailtasunak dituzten edo izateko arriskuan dauden adingabeei laguntzea, tratamen­du profesionalen kostuan (fisio­terapia terapeutikoa, terapia oku­pazionala, osteopatia, psikomotrizitatea, lo­gopedia...) edota errefortzu aka­demikoan», azaldu du Udalak.
 

Kontxa Etxeberria foroa, dirulaguntzen iturburu

Udalak berak aditzera eman du­­enez, Kontxa Etxeberria foro­an azaleratu zen gai horren inguruko kezka, eta gogoeta egin zuten gaiaren gainean: «Agerian geratu zen adingabeen kasu askok arreta goiztiarra edo tratamenduren bat jaso beharko luketela, garapen prozesuan dituzten be­harrei erantzuteko. Ikusita Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen arreta goiztiarra (0-6 urte) motz geratzen dela eta itxaron-zerrenda luzea izaten dela, ideia sortu zen Udalak laguntza emateko tratamenduak ordaintzeko zailtasunak dituzten herriko familiei, haur guztiek beren garapen beharrei erantzun ahal izateko. Horrela, laguntza ekonomikoaren bidez, adingabeen garapen zailtasunak murriztu eta saihestu nahi dira, eta bide batez, horien eraginak eta ondorioak».

Edonola ere, argitu dute tratamendua edo errefortzua pro­­po­satu beharko dutela «osasun edo gizarte zer­bitzuen babes sistemetako pro­­fesionalek», kasu guztietan. Beraz, dirulagun­tza eskatzen duenak, eskaera-orriarekin batera aurkeztu be­harko du profesional baten ziur­tagiria, eskaera baliozkoa izan dadin. «Eta adingabea osa­sun, hezkuntza edo bestelako sistemaren baten har­tzaile izan badaiteke ere, dagokion sis­temaren eskaera egi­­na izan beharko du, laguntzen eskatzaile izateko».

Dirulaguntzak jaso ahal izateko, zenbait baldintza bete be­harko dira. Horiek eskuragarri daude udaletxean bertan eta astigarraga.eus atarian. Dirulaguntza, gehienez ere, 400 eurokoa izango da errefortzu akademikoaren kasuan, 750 eurokoa premia berezien tratamenduetan, eta 850 eurokoa bi ildoetan laguntza eskatuz gero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!